Saretzen

Denean ez dira ongietorriak

Onintza Lete Arrieta eta Andrea Zipitria 2024ko eka. 18a, 07:59

Orioko kanpina. (Orioko Udala)

Urola Kostan lau hotel daude txakurrak onartzen dituztenak, eta kanpin gehienetan eta nekazaritza etxe askotan ere ongi hartzen dituzte; baina ez guztietan. Adibidez, Orioko kanpinean eta Aiako Sagarmenta nekazalturismoan ez dute sarbiderik.

Oporretan txakurrarekin zer egin, hori izaten da jabe askoren kezka. Urola Kostan lau hotel daude txakurrak onartzen dituztenak, bana Getarian, Orion, Zestoan eta Zumaian, eta zenbait kanpinetan eta nekazaritza etxetan ere ongi hartzen dituzte; baina ez guztietan. Orioko kanpinean eta Aiako Sagarmenta nekazalturismoan, esaterako, txakurrek ez dute sarbiderik. Bi guneetako arduradunek azaldu dituzte zergatiak. 

1960ko hamarkadan ireki zuten Orioko kanpina, eta Jone Olaskoaga zuzendariak azaldu du garai hartan animaliak onartu arren, udala 1983an hasi zela kanpina kudeatzen, eta harrezkeroztik ez dutela txakurrik onartzen. "Lehen esaten zen kanpotarrek izaten zituztela txakur asko, bereziki frantsesek, baina gaur egun, bertakoek ere pila batek dituzte, eta topatzen ditugu egoera deserosoak, jendeak ez duelako ulertzen guk, kanpina izanda eta aire librea egonda, animaliak ez onartzea". Dena den, Olaskoagak ikusten dio zentzua debeku horri: "Bezero asko ditugu horren bila datozenak. Orioko Kanpina ezaguna da horregatik askorentzat: txakurrak ez dituztelako gustuko, alergiak dituztelako, haurrekin lasaiago daudelako... nork bere arrazoiak ditu".

Olaskoagak ulertzen du bakoitzak bere animalia "etxekotzat" izatea, baina beste batzuek ez dituztenez onartzen, "bizikidetza zaildu" egiten duela adierazi du. Olaskoagak uste du "noizbait hausnarketa bat egiteko beharra" iritsiko dela, "beharbada herri mailan dagoen ideiarekin batera joateko", baina herriko kanpinean lau hamarkada badira txakurrak onartzen ez dituztela.

Jone Olaskoaga, Oriko Kanpineko arduraduna: "Txakurrik ez dugu onartzen, eta bezero asko ditugu horren bila datozenak"

Txakurrik ez dute onartzen, ezta bestelako animaliarik ere. Salbuespenen bat beti dago, ordea: "Gertatu zaigu kaiolan dagoen txori bat ekartzea, eta halakoetan ez dugu ezer esaten". Kanpinera iristen direnean, bezeroei beti galdetzen diete animaliarik ekarri duten, eta zuzendariak kontatu du horiek ezkutuan sartzen saiatzen denik ere izaten dela. "Orain gutxi gertatu zaigu, eta urtero gertatzen zaigu: animaliarik baduten galdetu eta ezezko borobila eman, eta hurrengo egunean lankideak makinak piztu belarra mozteko, txakurra ikaratu, eta autokarabana barruan txakurra egon. Hori aurten gertatu zaigu. Edo baita hondartza ingurura egun-pasa egitera etorritako pertsonaren bat kanpin barruraino sartzea ere bere txakurrarekin, gu konturatu gabe". Olaskoagak gaineratu du langileek txakurra ikusi aurretik jakiten dutela, bezeroak beraiek joaten direlako hori esatera. "Horregatik dakigu jendea gugana etortzen dela gu garelako era horretako kanpina". Hori bai, zehaztu du asmoa ez dela hori kanpinaren berezitasun bat izatea; "gainera, gure langileetako askok animaliak dituzte, hau da, ez da guk ez ditugula animaliak maite, baizik eta gure bezero askok ez dituztela nahi, eta horregatik aukeratzen dutela gure kanpina".

Olaskoagarentzat jendea, oro har, oso edukatua da, "bai txakur jabeak, bai txakurrik ez dutenak". Gutxi batzuk, ordea, ez. "Aurten txakurrarekin etorri den horrek gauez atera egin zuen txakurra, eta kaka egin zuen eta ez zuen jaso. Ez dira kudeatzeko egoera errazak". Zuzendariarentzat badaude "oso deserosoak" diren momentuak, txakur jabe batzuek ez dutelako ulertzen kanpinera sarrera ukatzea animaliarekin etorri badira. "Beraientzat familiaren parte da txakurra, eta ulertzen dugu. Egoera oso deserosoa izaten da. Horrelakoetan, goxo-goxo, gertuen dauden kanpinetara bidaltzen ditugu; kasu honetan, Zarauzko Gran Campingera. Zumaiakoak ere onartzen ditu; bungalowetan ez, baina partzeletan bai".

Olaskoagak onartzen du "gero eta sektore handiagoa dela txakurra duena, herrian bertan ikus daitekeen bezala", baina, momentuz, kanpinak ez du beste erabakirik hartu. "Guk uste dugu momentu honetan oinarri nahiko sendoa dugula animaliak ez onartzea mantentzeko, baina argi dago merkatu handia duela besteak ere. Gainera, ez dugu ikusten bazterkeriarik egiten dugunik, badaudelako eskaintza hori duten kanpinak hemen bertan". Izan ere, Urola Kostako kanpin gehienetan onartzen dituzte txakurrak eta bestelako maskotak, bai behintzat partzeletan. Orioko Udal Kanpina da salbuespena. 

Sagarmenta Aiako nekazaritza turismoko etxea. (Utzitakoa)

"Halabeharrez" hartutako erabakia

Aitor Iruretagoienak duela 33 urte ireki zuen Sagarmaneta nekazaritza turismoko etxeko, Aiako Urdaneta auzoan. Hasiera batean txakurrak onartzen bazituen ere, "esperientzia gazi-gozoak" eduki zituela onartu du, ez bere aldetik, baizik eta ostatua hartuta ziren familien aldetik, beraien artean ika-mikak izan zituztelako animaliengatik: "Asko dira animaliak etxe barruan nahi ez dituzten herritarrak, eta horrek gatazka bat baino gehiago sorrarazi ditu gure ostatuan, egonaldia aldi berean egiten ari ziren bi familiak iritzi kontrajarriak zituztelako, hain zuzen ere".

Aitor Iruretagoiena, Sagarmenta nekazaritza turismoko etxearen jabea: "Asko dira animaliak etxe barruan nahi ez dituzten herritarrak, eta horrek gatazka bat baino gehiago sorrarazi ditu gure ostatuan"

Gogoan du, Urtezahar gau batean, ostatu hartu zuen familia bat bi txakurrekin iritsi zela Sagarmanetara, eta nahiz eta txakurrekin errespetuz ibiltzeko esan zieten, hainbat txikizio egin zituzten nekatzaritza turismoan. "Sofari horzka egin eta txikituta utzi zuten", azaldu du.

Horiek horrela, duela 20 urte inguru, horri irtenbidea emateko asmoz, txakurrak ez onartzeko erabakia hartu zuen Iruretagoienak. Dena dela beste animaliak onartu izan ditu, baina beti ere, kaiolan direnak; txoriak edota iguana bat, kasu. Zentzu horretan, garbi utzi nahi izan du berak "gustuko" dituela animaliak, baina "halabeharrez" hartu behar izan duela erabakia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide