Helduen Hezkuntza Institutuan matrikula egiteko epea ireki dute

Nerea Uranga 2024ko eka. 17a, 12:48

Azpeitiko helduen eskolan talde bat. (Nerea Uranga)

Gaurtik hasi eta ekainaren 27ra bitartean egin beharko da matrikula, Azpeitiko, Zarauzko edota Azkoitiko zentroetan. Azpeitian bihar, asteartea, ate irekien jardunaldia egingo dute eta asteazkenean, Zarautzen.

Helduen Hezkuntza Institutuetan datorren ikasturterako matrikula egiteko epea zabaldu dute. Gaurtik ekainaren 27ra bitartekoa da matrikula egiteko epea. Helduentzako Urola Kostako zentroetan honako eskaintza dago: alfabetatzea, DBHko titulua eta hizkuntzak (euskara, gaztelania eta ingelesa). Zarauzko zentroan oinarrizko informatika ere eskaintzen dute.

Urola Kostan Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen egin daiteke matrikula: gaurtik ekainaren 20ra arte arratsaldez, 15:00etatik 20:00etara eta ekainaren 21etik 27ra 09:30etik 14:00etara. Honakoak dira zentroetako telefono zenbakiak: Azpeitiko zentroa, 943-81 22 03; Zarauzko zentroa, 943-13 00 13 edota 943-89 43 24; eta Azkoitikoa, 943-85 03 99.

Ate irekien jardunaldiak

Ate irekien jardunaldiak ere egingo dituzte Helduen Hezkuntza Institutuetan. Azpeitian, bihar asteartea, 15:00etatik 18:00etara egingo dute. San Martin estratan dago helduen eskola.

Zarautzen, berriz, asteazkenean, ekainaren 19an, 15:00etatik 18:00etara egingo dute ate irekien jardunaldia. Pagoeta kalea 2-4 zenbakietan dago helduentzako eskola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide