Eider Bereziartuak eta Ruben Ruzafak irabazi dute bikote mistoen Swimruneko Euskadiko Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 17a, 11:30

Ruben Ruzafa eta Eider Bereziartua, Aldayetako proba bukatu berritan. (Utzitakoa)

Zumaiako Triatloi Taldeko (ZTT) azpeitiarra eta aizarnazabaldarra izan ziren azkarrenak Arabako Aldayeta klubak antolatutako probaren barruan jokatutako txapelketan. Helene Alberdi ordezkatuz lehiatu zen Bereziartua.

Bikote mistoen Swimruneko Euskadiko Txapelketa irabazi dute asteburuan Eider Bereziartua azpeitiarrak eta Ruben Ruzafa aizarnazabaldarrak. Zapatuan banatu zituzten txapelak, Arabako Aldayeta klubak antolatutako probaren barruan jokatutako txapelketan, eta Zumaiako Triatloi Taldeko (ZTT) bikotea izan zen azkarrena, proban zein txapelketan. Hain zuzen ere, talde bereko eta Ruzafaren ohiko bikotekidea den Hele Alberdiren ordezko lanetan aritu zen Bereziartua zapatuko lehian. Ruzafak eta Alberdik Swimruneko Munduko Txapelketan parte hartuko dute irailean.

Korrika eta igeriketa uztartzen dituen kirol jarduera da swinruna, baina ez da duatloia. Oinezko lasterkaldiak eta igerian egin beharreko zatiak bata bestearen atzetik egin behar izaten dituzte kirolariek: korrika hasi, igeri egin, berriro korrika, igerian berriz... Baina duatloian ez bezala, ez dute batetik besterakoan arropaz aldatzeko aukerarik; horrela, zapatillak soinean dituztela egin behar izaten dute igerian, eta uretarako txanoarekin eta betaurrekoekin korrika.

Herenegungo proban, lurreko eta uretako tarteak txandatuz, korrika 13,5 eta igerian 2,5 kilometro egin behar izan zituzten guztira lehiakideek. Bereziartuak eta Ruzafak 01.49.49 behar izan zituzten ibilbide osoa egiteko; minutu eskaseko aldea atera zioten bigarren bikoteari, Kataluniako Francisco Juarezi eta Monica Pellejerori. Beatriz Alvarez eta Gorka Bizkarra sailkatu ziren hirugarren tokian; haientzat izan zen bigarren postua txapelketan, eta Ainhoa Markinezentzat eta Egoitz Lasarentzat, hirugarrena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide