Ateri zela hasi da, baina euri zaparradaren ondorioz ordua baino lehen bukatu behar izan dute Urola Erdiko seigarren Zientzia eta Teknologia Azoka. 10:30ean hasi dute azoka Azpeitiko plazan, eta bertan Azpeitiko Urola Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Azkoitiko Floreaga Ikastetxeko zein Azkoitia BHIko ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten zazpi aurkeztu dizkiete gainontzeko ikasleei. Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak eta zinegotziak ere izan dira proiektuak ikusten, eta ikasleek arretaz azaldu dizkiete sortutako lanen nondik norakoak.
Azoka hasi eta ordubetera euria hasi du, eta aterpea bilatu behar izan dute azokara joandako ikasleek eta irakasleek. Aurreikusitako ordua baino lehen bukatu behar izan dute azoka.
ZIMAT –Zientzia, Ingeniaritza, Matematika, Artea eta Teknologia– proiektua du Iraurgi Berritzenek zaletasunak eta gaitasunak sustatzeko. Proiektuaren barruan, ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronka ezberdinak lantzen dituzte, eta hainbat proiektu garatzeko, arlo ezberdinetako ikerlariekin zein profesionalekin egoteko aukera izaten dute.
Urola Erdiko garapen agentziak eskualdeko eragileen parte hartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen IB Sareko hezkuntza arloan dago kokatuta ZIMAT egitasmoa. Eskualdeko bost ikastetxe horien lankidetza sustatzen duen espazioa da sare hori, eta nagusiki, jarduera DBH eta Batxilergo mailetako ikasleei bideratuta dago.