Txirrindulariez eta txirrindularitza zalez bete zen atzo arratsaldean Aizarnazabal, han jokatu baitzituzten Txirrindularien Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketako lasterketak. 18:00etatik hasita, gizonen eta emakumeen 23 urtez azpiko eta junior mailako, emakumeen Elite mailako eta egokitutako txirrindularitzako lehiek hartu zituzten kaleak.
Junior mailakoen lasterketa, Joxe Larrarteren omenezkoa, izan zen arratsaldeko lehena. 18:00etan abiatu zen lehenengo txirrindularia, eta proba hori jokatu zuten hamalau txirrindulariek Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 14,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Eñaut Urcaregui izan zen azkarrena, helmugara 18'52,09 denboran helduta. Bigarren eta hirugarren postuak Ander Otegirentzat (19'34,00) eta Kepa Ormazabalentzat (19'55,06) izan ziren, hurrenez hurren.
Jarraian, ibilbide berean, egokitutako txirrindularitzako proba eta emakumeen lasterketak jokatu zituzten. Txirrindularitza egokituan zazpi kirolarik parte hartu zuten. Ander Albizurentzat izan zen lehen postua, 21'08,14 denbora eskuratuta, bigarrena Guillermo Prietorentzat (22'17,69) eta hirugarrena Unai Zabalorentzat (23'40,29).
Emakumeen lasterketak jokatu zituzten ondoren, hiru mailatan banatuta: juniorrak, 23 urtez azpikoak eta Elite maila. Juniorretan Irati Arangurenek burutu zuen ibilbidea azkarren, helmugara 22'09,25 denboran helduta. Bigarren postua eskuratu zuen Ayala Serranok (22'25,29) eta hirugarren sailkatu zen Maier Olano (23'05,64). 23 urtez azpikoen mailan Naya Mangas izan zen azkarrena, helmuga 22'39,56 denboran zeharkatu baitzuen. Haren atzetik sailkatu zen Lur Zufiria (22'57,19), eta hirugarren postua, berriz, Oneka Sanchezek eskuratu zuen (23'22,38). Emakumeen Elite mailan Maite Urteaga zumaiarra izan zen nagusi atzokoan, proba 22'28,28 denboran egin ostean. Bigarren postuan sailkatu zen Olatz Marquet (23'10,13), eta hirugarrenean, Janire Agirre (23'29,47).
Arratsaldeko azken lasterketa Gervaisen oroimenezkoa izan zen. Gizonen 23 urtez azpikoen mailako txirrindulariek soilik parte hartu zuten bertan. Lasterkari horiek egin beharreko ibilbidea Aizarnazabal-Iraeta-Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal izan zen, 21 kilometro guztira. Ibilbidea 25'41,66 denboran amaituta, Aitor Agirre zumaiarra izan zen txapelduna. Bigarren postuan Gorka Arruti sailkatu zen (26'43,05) eta hirugarren postua Beñat Garaiarrentzat izan zen (26'50,37).