Martxan jarri dute Urola Kostako Hondakinen Mahai Irekia

Julene Sorarrain 2024ko eka. 11a, 17:00

Hondakinen kudeaketaz herritarrek dituzten iritziak, proposamenak eta ekarpenak jasotzeko mahaia izango da. Ekainean zehar eskualdeko herri guztietan egingo dituzte bilerak.

Urola Kostako Udal Elkarteak martxan jarri du Urola Kostako Hondakinen Mahai Irekia. Maila politiko eta teknikoan lanketa hasi ondoren, herritarren ekarpenak, zalantzak eta kezkak jaso nahi dituzte. Datorren urtean zerbitzuaren kudeaketarako kontratu berria esleituko da, eta, hobekuntzak egiteko iriziak jasotzea ezinbestekoa deritzo UKUEk.

Horretarako, eskualdeko herri guztietan bilerak egingo dira ekainean zehar. Getarian ekainaren 12an, 19:00tan Ulpiano etxean; Zumaian ekainaren 17an, 19:00tan Oxford aretoan; Orion ekainaren 18an, 19:00tan Salatxo aretoan; Zarautzen ekainaren 19an, 18:30ean Urola Kostako Udal Elkartean; eta Aian, ekainaren 21ean, 18:30ean kultur etxean.

Ion Arozena Eizagirre, UKUEko lehendakariak egungo hondakin bilketa sistemaren datuak emango ditu bileretan. Helburua da herritarrekin sistema hobetzeko neurriez hitz egitea, beraz UKUEk bilerara joateko deia egiten die herritar guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide