Oinarrizko produktuen bilketa egingo du Kontseilu Sozialistak ostegunetik larunbatera

Intza Trula 2024ko eka. 11a, 09:00

Janari bilketa Azpeitian. (Kontseilu sozialista)

Ogi apurrik ez! lelo hartuta egingo dute hiru egunetako bilketa Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Herri horietako hainbat saltokiren eta supermerkaturen aurrean jarriko dituzte mahaiak.

Oinarrizko produktuen bilketa handia antolatu beste behin Kontseilu Sozialistak. Hain justu, ostegunetik larunbatera bilduko dituzte produktuak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Ogi apurrik ez! lelopean egingo dute bilketa: Azpeitian Juan XXIII auzuneko eta Sanjuandegiko Eroski saltokien kanpoaldean; Azkoitian Eroski txikia eta BM saltokien atarian; eta Zestoan, Gesalaga kalean.

Hori horrela, etzi, osteguna, 18:00etatik 20:00etara edukiko dituzte postuak, ostiralean 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara jarriko dituzte mahaiak, eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara.

Kontseilu Sozialistak lau urte daramatza lehengaien bilketa eta banaketa egiten: "Lan militanteari eta norbanakoen ekarpen ekonomikoei esker eusten diogu hasierako asmoari", azaldu dute. "Azken urteotan oinarrizko produktuen beharra larriagotu baino ez da egin, langileriaren sektore xumeenentzat. Inflazioa eta zerbitzuen murrizketek gogor kolpatu dute jende askoren egunerokoa, eta beraz, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu antolatu eta elkartasuna praktikara eramatea". Hala, Kontseilu Sozialistak dei egin die herritarrei oinarrizko produktuen bilketan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide