Orio bigarren eta Zumaia laugarren izan dira emakumeetan Euskadiko traineru txapelketan

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 10a, 12:00

Emakumeen estropadako lehen hirurak, atzo Donostiako udaletxean. (Utzitakoa)

Itsaso zakarrarekin jokatu zuten atzo Donostian Euskadiko traineru txapelketa. Emakumeetan bigarren izan zen Orio eta laugarren Zumaia. Beteranoetan Badok 13 traineruak astindu zuen bandera, eta gizonetan Getaria zortzigarren izan zen.

Ikuskizun galanta jarraitzeko aukera izan zen atzo goizez Donostiako uretan. Euskadiko traineru txapelketa jokatu zuten goiz partean itsaso zakarrarekin, eta parte hartu zuten traineruek nahikoa lan izan zuten, olatuen gainean dantzan, ziabogarako eta helmugarako bidea aurkitzen. Atzoko baldintzekin, trebezia berezia erakutsi behar izan zuten patroiek.

Emakumeetan, zilarrezko domina lortu zuen Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak. Bigarren izan ziren oriotarrak bandera irabazi zuen Arraun Lagunaken atzetik. Emakumeetan baita ere, Zumaiak laugarren postu on bat eskuratu zuen. Eskualdeko bi ontzien artean Donostiarra sailkatu zen.

Gizonetan, Getariak ezin izan zuen bere onena erakutsi, eta zortzigarren postuan sailkatu zen, irabazle izan zen Urdaibaitik hiru minutu baino gehiagora. Garbi erakusten du getariarren sailkapenak atzokoan itsasoan bizitako baldintza gogorrak. 

Beteranoen estropada ere jokatu zuten atzo goizean Donostian, eta astebete lehenago Gipuzkoako traineru txapelketan gertatu bezala Orioko Badok 13 traineruak astindu zuen irabazlearen bandera. Kategoria berean, Zumaiako Beteranoak seigarren izan ziren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide