Euskaltzain izendatu dituzte Amaia Lasa eta Miel A. Elustondo

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 31a, 14:43

Amaia Lasa, artxiboko irudi batean.

Euskaltzaindiak 21 ohorezko euskaltzain eta bederatzi urgazle berri izendatu ditu Baionan egindako bilkuran. Ohorezko euskaltzain izendatu dute Amaia Lasa getariarra, eta euskaltzain urgazle Miel A. Elustondo azpeitiarra.

Euskaltzaindiak urgazle eta ohorezko kide berriak izendatu ditu gaur, ostirala, Baionako Herriko Etxean egin duten maiatzeko osoko bilkuran. Horien artean dira Amaia Lasa getariarra eta Miel A. Elustondo azpeitiarra; ohorezko euskaltzain izendatu dute Lasa, eta euskaltzain urgazle Elustondo. Guztira, 21 ohorezko euskaltzain eta bederatzi urgazle berri izendatu dituzte azken bilkuran. Euskaltzain izendatuta, akademiako batzordeetan parte hartu ahal izango dute kide berriek; urgazleek euskaltzain osoek baino ardura maila apalagoa daukate.

Amaia Lasa euskal idazlea eta irakaslea da, eta hemen ikus daiteke iazko azaroan Guka hedabideak hari egindako elkarrizketa, bideoz. Miel A. Elustondo kazetaria eta idazlea da, eta besteak beste, Azpeitia Guka aldizkarian kolaboratzen du; hemen irakur daitezke haren iritzi artikuluak.

Beste hainbat eskualdeko pertsona ere badira euskaltzain urgazleak; besteak beste, Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra, Andoni Egaña bertsolari zarauztarra, Xabier Euzkitze bertsolari azpeitiarra, Felipe Juaristi idazle azkoitiarra, Lurdes Otaegi euskal filologo beizamarra eta Mikel Morris hiztegigile zarauztarra. Hemen ikus daiteke euskaltzain urgazleen zerrenda osorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide