Orion eta Zarautzen bihar abiatuko dute hondartza sasoia

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 31a, 09:50

Zarauzko hondartza, aste honetan. (Aritz Mutiozabal)

Ekainaren 15ean izango da irekiera ofiziala, baina aurreratzea erabaki dute, iaz bezala. Azpeitian ere lehenago zabalduko dute kanpoko igerilekua, astelehenean.

Ekainean sartzearekin batera emango diote ongietorria udako hondartza denboraldiari Zarautzen eta Orion. Gipuzkoako Foru Aldundiak irekiera ofiziala ekainaren 15erako finkatu duen arren, aipatu bi herriek bi aste aurreratzea erabaki dute, eta bihartik hasiko dira hondartzako ohiko zerbitzuak ematen, iaz bezalaxe. Gainera, ez dira izan bainu denboraldia aurreratzeko erabakia hartu duten eskualdeko herri bakarrak, Azpeitiko Udalak ere ohi baino lehenago irekiko baitu estali gabeko igerilekua aurten: astelehenean egingo du, hain zuzen.

Hori horrela, herritarrek bihartik erabili ahalko dituzte Zarauzko hondartzako toldoak, komunak eta dutxak. Udalak zehaztu duenez, sorospen zerbitzuaz BPXport XXI enpresa arduratuko da aurten ere, eta 11:00etatik 20:00etara egunero arituko dira lanean 23 sorosle, hondartza burua, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidaria eta erizaina hondartza osoan bainularien segurtasuna bermatzeko. Sei bainu eremu zainduko dituzte hondartzan, eta moilan beste sorosle bat izango da.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako lagundutako bainu zerbitzua emateaz sorosleak arduratuko dira, era berean, eta komunei eta dutxei lotuta, hiru gune egokitu dituzte: Munoa plazaren beheko aldean dauden lokaletan, Madoz kalearen parean eta sorospen zerbitzuaren zaintza postuan. Horrez gain, Borguettoko eremuko komunak eta malekoian dauden bi komun autogarbigarriak erabiltzeko aukera izango dute bainulariek. Udalak jakinarazi du, halaber, hondartzako sarrera guztietan plakak jarri dituztela, eskaileren ondoan, Kerik gabeko hondartza. Tabakorik ez! Eskerrik asko leloarekin.

Irailaren 15era arte iraungo du hondartza denboraldiak Zarautzen, aldundiarekin bat etorrita. Orion, ordea, hilabetea amaitu arte zabalduko dute sasoia. Ondorioz, aurrerapenarekin ekiteaz gain, gainerako herrietan baino beranduago amaituko dute, Zumaian eta Getarian ere irailaren erdira artekoa izango baita denboraldia. Nolanahi ere, aipatutako aurrerapena zein luzapena asteburuetara mugatuko da, aste barruan ez dutelako zerbitzurik eskainiko. Hau da, ekaineko lehenengo bi asteburuetan eta iraileko azkenengo bietan eskainiko dute soilik. Eguneroko zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era bitartekoa izango da han ere, 11:00etatik 20:00etara. Kabinek ordutegi bera izango dute, eta aipatutako ekaineko lehenengo eta iraileko azken asteburuetan ere izango dira martxan.

Antillako hondartzan egindako egokitzapenaren berri ere eman du udalak: hondartza inguruko aparkalekuetan topeak jarri ditu, batetik, autokarabanek aparkatzeko aukerarik ez izateko eta espaloietako pasabidea bermatzeko, eta hondartzako iparraldeko dutxak hegoalderako jarri ditu, bestetik, itsasgora dagoenean urak ez harrapatzeko.

Getariako eta Zumaiako hondartzak izango dira udako denboraldia estreinatuko duten azkenak, esan bezala, ekainaren 15ean hasiko direlako zerbitzua ematen. Dena den, Getarian izango da berrikuntzarik; izan ere, lagunduko bainuaren zerbitzua hobetu asmo duen proiektu pilotua eskainiko dute. Udalaren hitzetan, "pertsona guztiei bainurako eskubidea bermatzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzea da helburua". Datorren astean emango dituzte proiektuari buruzko xehetasunak, baina aurreratu dutenez, hainbat lan egin beharko dituzte hondartzan bertan.

Estali gabeko igerilekuak

Hondartzarik ez duten eskualdeko herrietako bizilagunek igerileku irekietan izango dute aire librean bainua hartzeko aukera kostara gerturatu beharrik gabe. Azpeitiak, gainera, ohi baino lehenago zabalduko du aurten igerilekua, datorren astetik aurrera erabilgarri izango baita. Irailaren 29an itxiko du udalak, baina jakinarazi du igeriketa ikastaroak eta entrenamenduak direla eta, kanpoko igerilekuarekin lotzen den estalitako zatiak "erabilera mugatua" izango duela ekaineko lehen asteetan eta iraileko azkenengoetan. Ordutegia ohikoa izango da: 11:00etatik 20:00etara artekoa.

Azkoitian, berriz, ekainaren 14an, ostirala, zabalduko dute Ugarteigarango igerileku irekia, eta irailaren 15ean itxi. Tarte horretan, egunero erabili ahal izango dute herritarrek, 10:30etik 20:00etara. Aian, bien bitartean, oraindik ez dute zehaztu noiz zabalduko duten igerilekua, hura berritzeko obrak ez dituztelako amaitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide