Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko bigarren itzulia hasi dute asteburuan. Lau saio egin dituzte: larunbatean, Antzuolan eta Pasaian eta atzo, igandea, Alegian eta Usurbilen. Aretoak jendez beteta jokatu dituzte lau saioak.
Pasaiako saioan parte hartu zuen Unai Izagirre azkoitiarrak larunbatean, eta 324 puntu eskuratuta bigarren sailkatu zen, Ane Zuazubiskar (340 puntu) irabazlearen atzetik. Antzuolako saioa Oihana Aranak (353,5 puntu) irabazi zuen, eta saio horretan ez zen izan Urola Kostako bertsolaririk.
Atzo Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrek Alegiako saioan kantatu zuten, eta puntu gehien lortuta, Gurrutxagak irabazi zuen saioa. Gurrutxagaz eta Etxeberriaz gainera, Endika Igarzabalek, Eli Pagolak, Ane Belokik eta Iker Ormazabalek abestu zuten Alegiako saioan.
Honakoa da Alegiako saioaren sailkapena:
1- Jon Gurrutxaga: 341 puntu.
2- Endika Igarzabal: 325,5 puntu.
3- Eli Pagola: 313 puntu.
4- Ane Beloki: 306,5.
5- Oier Etxeberria: 305,5.
6- Iker Ormazabal: 281,5.
Oier Aizpurua eta Uxue Alkorta zarauztarrek, berriz, atzo Usurbilgo saioan abestu zuten. Maider Arregik irabazi zuen saio hori. Honela gelditu zen sailkapena:
1- Maider Arregi: 345 puntu.
2- Aitor Tatiegi: 335,5 puntu.
3- June Aiestaran: 317 puntu.
4- Uxue Alkorta: 317 puntu.
5- Oier Aizpurua: 310 puntu.
6- Odei Lopez: 298,5 puntu.
Hurrengo saioak
Datorren asteburuan egingo dituzten Gipuzkoa Bertsotaneko saioetan ere parte hartuko dute eskualdeko hainbat bertsolarik. Ekainaren 1ean, Ataunen, eskualdekoak izango dira bertsolarien erdiak –Eneritz Artetxe azkoitiarra, eta Aner Peritz eta Julen Zulaika zarauztarrak–, eta Elgetan ere bai –Aitor Salegi zestoarra, Beñat Jauregi zarauztarra eta Julene Iturbe azkoitiarra–. Ekainaren 2an, azkenik, Urko Egaña azpeitiarrak Hernaniko saioan parte hartuko du, eta Libe Goenaga getariarrak Soraluzekoan.