Txatar: "Gaur egungo musika tendentziak beste batzuk dira, baina guk gureari eusten diogu"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko mai. 23a, 12:58

Azpeiti-Azkoitiko Txatar musika taldeak lehen diskoa kaleratu berri du: Hildakoen jainko. Txatarren atzean izen eta ospe handiko talde bateko kideak daude: Legen Beltza taldeko Xanti Rodriguez, Edorta Azkune eta Joseba Azkue. Larunbatean emango dute diskoa plazaratu osteko lehen kontzertua Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, doan. Legen Beltzarekin bizitakoak gogoan,  musikaz gozatzen jarraitzen dute, thrash metal doinuak sortzen eta zabaltzen. 

Agian norbait harrituko zen zuek berriro musikagintzan ikusita, dagoeneko ez baitzarete lehengo gazteak. Zein momentutan jaio zen Txatar?

Xanti Rodriguez: Txatarren sorrerak lotura dauka nire zinemagintza ibilbidearekin; izan ere, Txatarreko tematika guztia, hitzak zein musika, nire istorioetatik datoz. Dena den, Txatar ez zen ezerezetik sortu.

Edorta Azkune: Hasieran, Legen Beltza bezala abesti batzuk ateratzeko asmoa izan genuen, Lekaime film-laburrerako. Bi abesti egin genituen, eta hortik hasi ginen berriro sortzen. Gero Ospel [Rodriguezen bigarren film laburra] iritsi zen, eta horrela, pixkanaka, eraiki genuen Txatar.

Joseba Azkue: Ez genuen eten ostegunetan entseatzera joatearen ohitura, eta astero-astero biltzen ginen; hala, gauza berriak ateratzen joan ziren. Ekaitzek eta Ibanek [Legen Beltzako bi kide] beste proiektu batzuk zituzten, eta guk heldu genion Txatarri.

Norberak bere lana, familia eta bestelakoak ditu. Nola egin duzue sortzen jarraitzeko?

X.R: Berandu geldituta, eta loari orduak kenduta. Egin beharrekoa gustukoa denean... 

E.A: Gure seme-alabak ere jada ez dira txikiak, eta horrek ere gauzak errazten ditu orain.

J.A: Berandu gelditu eta entseatu izan dugu beti. Legen Beltza ginenean ere gauean egiten genituen entseguak. Orain, antzera. Ondo moldatzen gara. 

Urteek aurrera egin arren, beti eramango duzue Legen Beltza talde ezagunaren itzala soinean. Zerk bereizten ditu Legen Beltza eta Txatar?

X.R: Gure ibilbide osoa ondo ezagutzen duen kide batek Txatar entzutean esan zuen: 'Hau Legen Beltza da, baina gitarra jotzaile altuaren faltan' [Ekaitz Garmendiari erreferentzia eginez]. Eta, ziurrenik, izango du arrazoi puntua. Lehen ez bezala, orain euskaraz abesten dugu, baina musikalki antzekotasun handiak dituzte bi taldeek. Dena den, egon da eboluzio bat, eta hori ere nabari da. 

E.A: Estilo aldetik, Txatar zein Legen Beltza thrash metala dira; beraz, oinarria, antzekoa da.

J.A: Legen Beltzaren azken diskoa oso muturrekoa zen. Txatar gehiago hurbiltzen da Legen Beltzaren aurreneko diskoetara eta melodietara. Finean, Xantik konposatu ditu abestiak, eta konposatzailea pertsona bera denean bi taldeetan, nabaritu egiten da.

Zerri abesten dio Txatarrek?

X.R: Abestietako hitzek lotura handia dute nire film laburretako narrazioekin, eta horietan gai sozialak jorratu izan ditut gehienbat. Esaterako, Lekaime ume jaioberrien eta bahiketen inguruko istoria zen; Ospelen edo Pasaian, jokoaren, diruaren eta alkoholaren gaiak lantzen dira. Gizarte dramei buruzko abestiak dira gehienak, baina asko dute mitologikotik. Hau da, lotura dute euskal mitologiaren elementuekin. Gehinbat arazo sozialak eta hitz gordinak erabiltzen ditu Txatarrek.

E.A: Euskal mitologiaren erreferentziak dira, bai, baina Xantiren ikuspuntutik egindakoak [barrez].

Joan zen astean argitaratu zenuten Hildakoen jainko. Zein dira diskoaren bereizgarriak?

E.A: Guztira, 11 abestik osatzen dute diskoa. Horietako bat instrumentala da; gainerakoak askotarikoak dira: thrash-azkarreko kantu motz gordinetatik hasi eta heavy metalera hurbiltzen direnak daude. Diskoa askotarikoa gelditu zaigu. Hori bai, distortsio ugari dago.

"Metalaren barruko estilo asko bildu ditugu diskoan; gustura gaude emaitzarekin"

X.R: Metalaren barruko estilo asko bildu ditugu, eta ahotsetan ere gure gaitasunek utzi diguten heinean, abaniko zabala osatu dugu. Gustura gaude emaitzarekin. Gauza bereziak ere sartu ditugu kantuetan. Abesti instrumentalean, adibidez, Ospel filmeko elkarrizketa batzuk sartu ditugu, eta musika ari den bitartean Iker Galarza eta Amancay Gaztañaga aktoreen lokuzioak entzuten dira.

E.A: Diskoa entzun duten zenbaitek esan didate abesti batzuk Metallica taldea gogorarazten dutela, beste zenbaitek S.A edo Mastodon aipatu dizkidate... Entzun izan ditugun taldeak dira, eta baliteke horrek eragina izatea.  

Eta horri lotuta, zer nolako feedback-a jaso duzue diskoa kaleratu berritan?

X.R: Aurrena, gure gertuko jendearen eta arlo honetan jarduten dutenen artean zabaldu dugu, eta iritzi onak jaso ditugu. Esaterako, Basque Metal Country zigiluaren gidaria den Inaxio Esnaolak esan du diskoa borobila dela, eta expektatibak bete dituela. Oro har, feedback-a ona izan da.

J.A: Guk herrian ez dugu sekula arrakasta lortuko; kanpoan baloratzen gaituzte gehiago, baina argi daukagu garrantzitsuena egiten dugunaz gozatzea eta egindakoa guri gustatzea dela. 

Thrash metala sortzen duzue. Gaur egun musikaren industrian ohikoena edo entzunena ez den musika da. Zuen zaletasunei eta esentziari heldu nahi izan diezue?

X.R: Dudarik gabe. Gaur egungo musika tendentziak beste batzuk dira, baina guk gureari eusten diogu. Gure garaia ez da pasatu, guri benetan gustatzen zaigun musika da hau, eta horregatik egiten eta entzuten dugu. 

E.A: Thrash-a sekula ez da izan musikarik entzunena. Azpeitian mota honetako talde mordoxka egon dira eta daude, baina ez dira main stream izango inoiz.

Beste era batera, baina Ekaitz Garmendiaren ekarpena ere badu diskoak, ezta?

E.A:  Garbi geneukan zerbait grabatu behar bagenuen Ekaitzekin egingo genuela. Hark gustura hartu zuen proiektua lehen unetik. Abesti batean ere kolaboratu du. Nahasketak egiterakoan haren iritzia oso garrantzitsua zen guretzat. Badugu lanerako dinamika bat elkarrekin. 

X.R: Zuzenekoak ere berarekin egiten ditugu. Guretzako beste taldekide bat da Ekaitz.  

Hamalau urte igaro dira musikaren industria utzi genuenetik. Ikaragarri aldatu da dena.

Eta oro har, nola ikusten duzue musikaren industria?

E.A: Hamalau urte igaro dira musikaren industria utzi genuenetik. Ikaragarri aldatu da dena.

X.R: Harrituta gaude zenbat aldatu diren gauzak. Gauza asko onerako aldatu dira, baina beste asko txarrerako. Esaterako, gaur egun diskoari ez zaio lehen beste garrantzia ematen, eta, izatez, diskoak badu zentzu bat.

J.A: Orain dena beste modu batera egiten da, ekoizpena nahiz zabalpena. Gainera, formatu fisikoa galtzen ari da. Guk ere izan ditugu zalantzak ale fisikoak atera edo ez erabakitzerakoan; izan ere, zer ateratzen duzu, biniloa? kasetea? diskoa? Gainera, gehienek digitalki entzuten dute musika. 

Iron Maiden bezalako taldeekin elkarbanatu zenuten oholtza Legen Beltza zinetenean. Orain, zein dira zuen pretentsioak Txatarrekin?

X.R: Pretentsio xume-xumeak ditugu. Gu kontziente gara gure masa kontzertuak mundialak izan direla, baina orain beste une batean gaude.

E.A: Helburua gozatzea da. Ez dugu kontzertuak eskaintzeaz nekatu nahi, hori ere lana bihurtzen baita. Kontzertuak eman nahi ditugu, eta ahal baldin bada baldintza duinetan, denetarik ikusi eta bizi izan baitugu urte luzez...

J.A: Bai, ez dago asmo edo helburu zehatzik. Orain, disfrutatzeko unea da.

Larunbatean zuzeneko berezia eskainiko duzue. Gogotsu?

E.A: Oso gogotsu gaude, eta ilusio handiarekin. Aurreratu dezakegu sorpresaren bat edo beste egongo dela. Irudiekin ere jolastuko dugu. Eskertu nahi dugu Kulturazeko kideen laguntza, gurea bezala ezezaguna den talde bati horrelako baldintzak emateak asko laguntzen baitu. 

X.R: Kontzertu berezia izango da; gainera, doan. Beraz, animatu eta etorri! 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide