Guka gara!

Guka erredakziotik herrira, festa giroan

Intza Trula 2024ko mai. 22a, 10:00

Urolako Komunikazio Taldeko hiru langile, Guka markaren hizkiekin. (Guka)

Gukakide festak antolatu ditu Urolako Komunikazio Taldeak aurkeztu berri duen Guka marka kalera ateratzeko. Azpeitian ospatuko dute lehenengo Gukakide festa, ostiral honetan, eta datozen asteetan egingo dute Zarautzen, Azkoitian, Orion eta Zumaian.

Guka aurkeztu zuen astelehenean Urolako Komunikazio Taldeak, erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk datozen asteetarako. Bost herritan prestatu dituzte jardueraz betetako egitarauak: Azpeitian, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen ere. Ekitaldiak herri horietan soilik egingo badituzte ere, eskualdeko herritar eta Guka markaz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatuta Gukakide festetara.

Azpeitia

Lehenengo Gukakide festa ostiral honetan izango da, Azpeitiko Azoka Plazan. 18:00etan UKTk Txiki Txoko eta Iturri Txiki ludoteken laguntzarekin antolatutako Gukakide ginkana egingo dute Alde Zaharrean barrena. Gaztetxoak kazetari bihurtuko dira ordu batez, eta askotariko probak eta jarduerak gaindituz Guka aldizkaria osatu beharko dute. LH 4 eta DBH 1 bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea –azpeitiaguka.eus helbidean aurkitu daiteke horretarako lotura–. Amaitzean, 19:30ean, Gukaren aurkezpen ekitaldia izango da Azoka Plazan, Mireia Galarza eta Ihintza Elustondo kazetariek zuzenduta. Ekaitz Martinezek adarra joko du bertan, Erniarraitzen eskutik Joanes Azpillagak eta Suhar Gesalagak bertsotan jardungo dute eta kale inkestaren ikus-entzunezkoa ere emango dute. Horrez aparte, elkarrizketak ere egingo dituzte. Eguna amaitzeko, 20:15ean, jan-edanerako txokoa eta photocall-a zabalduko dituzte. Halaber, bingo musikatua izango da Ignacio Arakistainen eskutik.

Zarautz

Zarautzek hartuko dio lekukoa Azpeitiri, maiatzaren 31n, Lege Zaharren Enparantzan. 19:00etan egingo dute Gukaren aurkezpena, eta Julen Portillok egingo ditu aurkezle lanak. Guka zer den eta aurrerantzean zer eskainiko duen azaltzeaz gainera, Jalgi dantza taldearen emanaldia, hainbat elkarrizketa eta Motxian Etxebeltz bertsogunearen eskutik bertso saioa izango dira. Amets Aizpurua eta Jakes Etxeberria bertsolariek botako dituzte bertsoak. 19:30ean, berriz, Gukako produktuekin osatutako postua zabalduko dute, eta horrez aparte, Merkatua Bizirik elkartearekin elkarlanean janari postua ere jarriko dute.

Azkoitia

Azkoitiko Gukakide festaren txanda izango da ekainaren 7an, Kontzejupean. Pilotari Egunekoekin elkarlanean osatu dute egun horretarako helduentzako zein haurrentzako egitaraua. 18:00etan Pelotak aurkitzen umeentzako ginkana eta egingo dute Abarketatxo eta Artxamendi Topalekua ludotekekin elkarlanean prestatuta, eta 18:30etik aurrera pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak. 18:00etan hasiko da askotariko osagaiak izango dituen Gukaren aurkezpena; esaterako, Idoia Alberdi eta Pilotari Eguneko antolatzaileak elkarrizketatuko dituzte bertan, Erniarraitzek antolatuta Eneritz Artetxek eta Naia Arrizabalagak bertsotan egingo dute eta Herrixenekin elkarlanean Zakel Mariren zozketa egingo dute. Azkoitiko Gukakide festari amaiera borobila emateko, jan-edanerako postua eta photocall-a zabalduko dituzte, guztien gozagarri.

Orio

Ekainaren 14a gorde beharko dute oriotarrek, egun horretan egingo baitute Orioko Gukakide festa. 19:00etan kalejiran abiatuko dira erraldoiekin eta Orioko txarangarekin batera, plazarantz. Musikaren erritmoan helduko dira guztiak 19:30 aldera plazara, Gukaren aurkezpen ekitaldira. Bertsoez, komunitateko kideen elkarrizketez eta Harribil dantza taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute joaten diren guztiek. Indarrak berreskuratzeko, 20:00etan zabalduko dute jan-edanerako postua, eta nahi duenak Gukaren photocall-ean argazkia ateratzeko aukera ere izango du. Horrez aparte, bingo musikatuan jolastuko dute.

Zumaia

Bosgarren eta azken Gukakide festa Zumaian izango da, ekainaren 15ean. 19:00ak aldera abiatuko dute kalejira Itzurun hondartzatik. Erkibe eraikinaren kanpoaldera bitarte, kalejiran joango dira, eta ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte. Herriko eragileek –bertso eskolak, zenbait musikarik eta Astinduk, besteak beste– emanaldi txikiak eskaniko dituzte geldialdi horietan. Erkiberen kanpoaldean sardinak parrillan banatuko dituzte gero, eta musika emanaldi batekin borobilduko dute eguna.

Honakoa da Gukakide festen egutegia:

Azpeitia

Maiatzak 24, ostirala

  • 17:30. Gukakide ginkana haurrentzat, Alde Zaharreko kaleetan zehar.
  • 19:30. Gukaren aurkezpen ekitaldia, Azoka Plazan.
  • 20:15. Guneen irekiera: jan-edanerako postua, photocall-a eta bingo musikatua Azoka Plazan.

Zarautz

Maiatzak 31, ostirala

  • 19:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 19:30. Guneen irekiera: Gukako produktuen eta jan-edanerako postuen irekiera, Lege Zaharren Enparantzan.

Azkoitia

Ekainak 7, ostirala

  • 18:00. Umeentzako ginkana.
  • 18:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia Kontzejupen.
  • 18:30. Pilotak egiten irakatsiko du Eliodoro errioxarrak Kontzejupean.
  • 18:30. Guneen irekiera: jan-edanerako postua eta photocall-a Kontzejupean.

Orio

Ekainak 14, ostirala

  • 19:00. Kalejira erraldoiekin eta Orioko txarangarekin.
  • 19:30. Gukaren aurkezpen ekitaldia, plazan.
  • 20:00. Guneen irekiera: jan-edanerako postuak, photocall-a eta bingo musikatua, plazan.

Zumaia

Ekainak 15, larunbata

  • 19:00. Kalejira, Itzurun hondartzatik.
  • Jarraian, Gukaren aurkezpen ekitaldia.
  • Amaitzeko, musika emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide