Oriora egunpasa antolatu du Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak

Nerea Uranga 2024ko mai. 14a, 16:17

Errezilgo Tipi Tapa taldekoen azken juntadizoa. (Saiaz mankomunitatea)

Maiatzaren 30ean egingo dute irteera Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko Tipi Tapa taldeetako kideek eta eguneko zentroko erabiltzaile batzuk nahiz Ixabel Agirresaroberekin taldean dabiltzanek. Irteeran parte hartzeko izena maiatzaren 17rako eraman behar da.

Beizama, Errezil, Albiztur eta Bidania-Goiatz biltzen dituen Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak Oriora egunpasa antolatu du maiatzaren 30erako. Tipi Tapa taldeetako kideei, eguneko zentroetako erabiltzaile batzuei nahiz Ixabel Agirresaroberekin taldean dabiltzanei zuzendutako irteera da.

Orion Boga boga jatetxean bazkalduko dute egunpasan parte hartzen dutenek, eta irteeraren kostua 20 euro da. Parte hartzeko izena maiatzaren 17rako eman behar da, saiaz@saiaz.eus helbide elektronikora idatzita edota 646 47 84 14 edo 943-68 11 28 telefono zenbakietara deituta. Ordainketa Internetez egitea komeni dela azaldu dute antolatzaileek, eta hori maiatzaren 20rako egin behar da. Izen-abizenak jarrita egin behar da ordainketa Saiaz gizarte zerbitzu mankomunitatearen kontuan: ES40 2095 5067 1310 6170 1404.

Autobusen irteera ordutegiak honakoak dira: 09:30ean Albizturko plazatik, 09:45ean Bidania-Goiazko frontoitik eta 10:00etan Errezildik. Itzulera ordutegia, berriz, honakoa izango da: 17:00etan irtengo du autobusak Oriotik, eta 17:45ean iritsiko da Errezilera, 18:00etan Bidania-Goiatzera eta 18:15ean Albizturrera.

Aurreko urteetan, egunpasa egiten zutenetan eguneko zentroa itxi egiten zuten, baina aurten ez dute itxiko. hala azaldu du Saiaz mankomunitateak: "Aurten, berritasun gisa eguneko zentroa zabalik izango da, eta herritar batzuk prest azaldu dira han egunpasa egiteko. Izan ere, eguneko zentroko zenbait erabiltzaile beren eguneroko dinamikan moldatzen dira ondoen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide