Azkoitia eta Aia aurrera, eta Zumaia kanpora, Herriartekoan

Nerea Uranga 2024ko mai. 14a, 09:48

Azkoitiko Alex Juaristi Gurean, ostiralean, Adunaren kontrako kanporaketako partidan. (Andoni Elduaien)

Final hamaseirenetan, Aduna 4-2 gainditu dute Azkoitikoek eskuzko txapelketan. Gomazko paletan, Deba kanporatu du Aiak (4-2) eta Tolosaren kontra 5-1 galdu du Zumaiak.

Pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren hiru modalitatetan daude Urola Kostako ordezkariak: eskuan, gomazko paletan eta zesta-puntan.
Eskuzko txapelketan Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa ari dira parte hartzen. Azkoitiak final hamaseirenetan hasi zuen lehia, Adunaren kontra. Kanporaketan Azkoitia izan da garaile –4-2, guztira–, eta Hernaniren kontra jokatuko ditu final-zortzirenak, maiatzaren 19an. Zestoak, berriz, final-zortzirenetan hasiko du lehia Beasainen kontra. Azkoitiak eta Zestoak etxetik kanpo hasiko dute kanporaketa. Zestoak Beasainen kontrako kanporaketa gainditzen badu, Azpeitia izango du zain final-laurdenetan, ekainaren hasieran.

Gomazko paletako Herriartekoan Urola Kostako lau herrik eman dute izena; Aiak, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak. Azken herri horretako palistentzat final-hamaseirenetan hasi bukatu da txapelketa; izan ere, Tolosak 5-1 irabazita kanpoan utzi du Zumaia. Aiak, baina, 4-2 irabazi dio Debari. Lehen kanporaketa hori gaindituta, final zortzirenetan Andoain izango du aurkaria, eta Aian jokatuko dute joanekoa. Kanporaketa horretan hasiko da txapelketa Zarauzko eta Zestoako palistentzat, datorren asteburuan. Zarautzek Zumarraga hartuko du etxean joaneko partidan, eta Zestoak Errenterian ekingo dio lehiari.

Zesta puntako Herriartekoan Hondarribia, Mutriku eta Zumaia ari dira lehian, eta datorren asteburuan Zumaiak Hondarribiaren kontra jokatuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide