Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak dira gaur, eta 09:00etatik botoa ematen ari dira herritarrak. Eguerdiko 13:00ak arteko parte hartze datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak: Aian, %31,12koa izan da parte hartzea; Aizarnazabalen, %30,54koa; Azkoitian, %32,57k bozkatu dute eguerdirako; %31,52koa izan da parte hartzea Azpeitian; datu altuxeagoa eman du Beizamak, %37,96koa izan da lehen orduetako parte hartzea han; Errezilen, %30,82k eman dute boza; Getarian jaso da eskualdeko daturik altuena, %42,88ko parte hartzearekin; Orion, %31,84 gerturatu da hauteslekuetara eguerdira artean; %30,88ko datua jaso dute Zarautzen; Zestoan, %32,43k eman dute botoa; eta Zumaian, parte hartzea % 32,37koa izan da lehen orduetan.
Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %30,02k bozkatu dute. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta baita posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zela ere, pandemiaren eraginez.
Lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman du botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, igoera ia 14 puntukoa izan da: %28,05ekoa aurten; %14,14koa 2020an.