Gipuzkoako EH Bilduk Getarian hasi du hauteskunde kanpaina

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 7a, 09:14

Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak, Itziar Murua Zarauzko zinegotzi eta Gipuzkoako hautagaiak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak hartu zuten hitza ostiral iluntzeko ekitaldian. Han izan ziren Aiako, Getariako, Orioko eta Zarauzko zinegotzi eta alderdikideak ere.

Apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta alderdiek ostiral honetan, hilaren 5ean, hasi zuten hauteskunde kanpaina. Gipuzkoako EH Bilduk Getarian egin zuen aurreneko ekitaldia, eta bertan izan zen Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarena –eskualdeko alkate eta zinegotziekin batera–. Haren aurretik, bi alderdikidek hartu zuten hitza: Haritz Alberdi Getariako alkateak aurrena, eta Itziar Murua Zarauzko zinegotziak ondoren. Murua EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako hirugarrena da.

Frontoian egin zuten ekitaldian, Alberdik esan zuen "ilusioz" eta "pozik" hasi duela hauteskunde kanpaina, are gehiago EH Bilduren Gipuzkoako kanpaina Getarian hasteagatik. Hitzartzean, azpimarratu zuen bere ustetan getariarren eta gipuzkoarren gehiengoak nahi dutena dela "arazoei konponbidea aurkitzea arazo horretan parte duten eragile eta instituzio guztien artean", eta esan zuen Getarian EH Bildu horretan ari dela 2011tik eta horrela planteatzen dituztela esku artean dituzten "erronka handiak" ere; "moila, itsasoa, arrantzaren bueltan gertatzen ari den guztiaren aurrean elkarlana ezinbestekoa zaigu, eta hala izan da anbulatorioan egon diren arazoen aurrean ere; elkarlanean edo, gutxienez, elkarri entzunez aritu gara", esan zuen.

Eraldaketak beharrezkotzat jo zituen, eta nabarmendu zuen "politikan ere ezinbestekoa" dela: "Getarian horretan ari gara 2011tik, herri gehiagotan ere izan da, eta apirilaren 21ean errematatu dezagun aldaketa hori".

"Erronka nagusiei erantzuteko prest"

Muruak politika egiteko "beste modu bat" badela azpimarratu zuen, eta horretarako "aldaketa" beharrezkoa dela esan zuen hark ere. EH Bildurentzat erronka nagusiak zein diren azaldu zuen, eta horiei erantzuteko konpromisoa dutela ziurtatu zuen: subirautza estrategikoa indartzea, "jendearen arazoei erantzunik egokiena burujabetzatik emango diogula sinesten dugulako"; herritarren ongizate maila hobetzea, Osakidetza indartuz eta Gizarte Zerbitzuen zaintza sistema hobetuz; etxebizitza arloan, alokairuaren prezioari mugak jartzea eta alokairuzko etxebizitza publikoaren parkea handitzea; larrialdi ekologikoari aurre egitea; eta "herri sena, hau da, herri hau badela eta izan nahi duela erakutsiko duen neurriak hartuko ditugu hizkuntza politika gaurkotu batetik, gure nazio izaeraren aitortza munduratuta, gainontzeko euskal lurraldeekin lan eremuak baliatuta, eta nola ez, herri honek beharrezkoa duen jauzia egiteko, estatu politiko berri baten adostasun zabala lortzeko lan eginda".

Getarian egonda, Muruak adibide asko eman zuen herrian ondo egiten ari diren kontuez, baina moila ere izan zuen hizpide. "Moilak biziberritu" egin behar direla esan zuen "eragile guztiekin elkarlanean". Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela gogorarazi zuen.

Gipuzkoan 51 herritan du alkatetza EH Bilduk, eta "herritarren gero eta babes gehiago duen lan egiteko modu hori da Jaurlaritzara eraman nahi duguna", esan zuen.

"Aldaketa garaia da"

Kortajarenak esan zuen kanpaina hasteko gogoz zela, "kanpainetan gure komunitatearen potentzial handi hori ikusten eta sentitzen delako eta hori handia da, inork gutxik esan dezake horrelako komunitatea dutela".

EH Bilduk "kanpaina hasi aurretik jada bi gauza lortu" dituela iritzi zion Kortajarenak: "Batetik, aldaketarako aukera erreala izatea. Gipuzkoan gobernatzen ditugun 51 udalerritan egindako lan hori loratzen ari da, eta horri esker, herri hau gobernatu dezakeen indar bezala ikusten da orain Euskal Herria Bildu, eta aldaketa aukera hori airean sumatzen da. Bestetik, apirilaren 21ean gertatzen dena gertatuta ere, hemendik aurrera ezer ez da berdina izango, eta horren kontziente izan behar dugu eta perspektiba horretatik heldu behar diogu datozen hamabost egun hauetan dugun lanari".

Boto bakoitza "behar-beharrezkoa" dela esan zuen, eta frontoian bildutakoak deitu zituen nork bere ingurukoak EH Bildu bozkatzera animatzera.

"Orain eta hemen egiten ditugun aukerek gure etorkizuna baldintzatuko dute, eta ez gaude aukerak galtzeko, ez gaude konformatzeko, eta ez gaude inora eramaten ez gaituzten birbilguneetan denbora gehiago galtzeko", esan zuen Gipuzkoako zerrendaburuak. "Galdera eta erronka berriek soluzio berriak behar dituzte; XX. mendeko politikek eta aliantzek ez dute balio. Herri hau aldatu da, Gipuzkoa aldatu da. Aldaketa garaia da".

Frontoian bildutako herritar eta alderdikideekin talde argazkia ateraz eta mokadua hartuz amaitu zuten ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide