Adur Amatriain eta Annette Gonzalez-Etxabarri hirugarren sailkatu dira Caparican

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 31a, 09:20

Annette Gonzalez-Etxabarri Caparica Surf Fest txapelketako kanporaketa batean. (WSL)

Portugalen jokatu dute Europako QS zirkuituko azken proba eta finalaurrekoetan kanporatu dituzte eskualdeko bi surflariak oso maila ona erakutsi ondoren.

Adur Amatriain eta Annette Gonzalez-Etxabarri Zarauzko eta Zumaiako surflariek bikain itxi dute Europako QS Qualifying Series zirkuitua. Atzo amaitu zuten Portugalen jokatutako azken probarekin, Caparica Surf Fest txapelketa, eta Urola Kostako bi surflariek meritu handiko hirugarren postua lortu zuten finalerdietaraino iritsi ondoren. Gerora txapelketa irabazi zuen Tiago Carrique frantziarrak kaleratu zuen Amatriain eta Yolanda Hopkins portugaldarrak Gonzalez-Etxabarri. Proba guztiak jokatuta, QS zirkuitua irabazi du Hopkinsek, nahiz eta atzoko finalean ezin izan zuen Teresa Bonvalot herrikidea mederatu.

QSetako sailkapen nagusiari lotuta, hain justu, Caparican parte hartu ez duen arren, Janire Gonzalez-Etxabarrik, Annetteren ahizpak, laugarren sailkatzea lortu du, eta, hala plaza bermatu du aurtengo CS Challenger Series guztietako probak jokatzeko. Mundu mailako zirkuitua da CS, munduko surflari onenan biltzen dituen CT Championship Tourraren atarikoa. Janire Gonzalez-Etxebarriren atzetik, Nadia Erostarbe zarauztarra sailkatu da bosgarren, eta, azken honek ere CSetako proba guztiak jokatzeko txartela du, iaz zirkuituko lehenengo hamarren artean sailkatu baitzen. Annette Gonzalez-Etxabarri, berriz, 21. sailkatu da QSetan atzo lortutako puntuei esker.

Gizonezkoen sailkapenari erreparatuta, bestalde, Adur Amatriain bera izan da eskualdeko surflari onena hamaseigarren postuan. Harekin batera, beste bi zarauztarrek ere parte hartu dute QSetako probetan: Keoni Lasak eta Ruben Vitoriak, hain zuzen ere. 33. eta 36. sailkatu dira, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide