Saretzen

Hego Euskal Herrian erdira murriztu dituzte sukurtsalak

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 25a, 08:30

Bankoa Abanca erankundeak Azpeitian duen bulegoa. (Aitziber Arzallus)

2008an banketxeek 2.673 bulego zituzten Hego Euskal Herrian, eta 1.374 zituzten iaz; beraz, duela hamabost urte baino %48,57 bulego gutxiago daude.

Hego Euskal Herriak hamabost urtean banku bulegoen ia erdia galdu du: 2.673 bulego zeuden 2008an, eta 1.374 zeuden iaz. Horrenbestez, %48,57 murriztu da bulegoen kopurua. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, 2008tik 2023ra arteko epean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtero batez beste 69 bulego itxi dituzte, eta Nafarroan, 21 gutxiago.

Epealdi horretan, bi urte nabarmendu daitezke urte bakarrean galdutako bulegoen kopuruarengatik. Batetik, 2013a, krisi ekonomikoak bete-betean jota, finantza erakundeen sektoreak berregituratze sendoa jasan baitzuen bankuen eta kutxen bat egiteekin. Zehazki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 186 bulego galdu ziren urte horretan, eta 24 galdu ziren Nafarroan.

Bestetik, 2021a, erakundeek COVID-19ak eragindako izurritea baliatu baitzuten zerbitzuen digitalizazioari aparteko bultzada emateko eta herritarrak horiek erabiltzera bultzatzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 139 bulego galdu ziren urte horretan, eta Nafarroan, 42.

Ondoko hiru grafikoetan, Hego Euskal Herrian 2008tik 2013ra bitartean herriz herri banku bulegoen kopuruak izan duen bilakaera zein den ikus daiteke, beti ere Espainiako Bankuak emandako datuen arabera. Lehenengo bi grafikoetan mapan herria aukeratzea nahikoa da herri horretako bulego kopuruaren bilakaera zein den jakiteko. Hirugarren grafikoan, berriz, bilatzailean herriaren izena jarrita topa daiteke informazioa.   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide