Saretzen

Kutxabank da Urola Kostan presentziarik handiena duen banku erakundea

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 25a, 08:45

Kutxabankek Azpeitian duen bulegoaren atea. (Aitziber Arzallus)

Eskualdea osatzen duten 11 herrietatik zazpitan ditu bulegoak, eta beste hirutan bulegorik ez, baina kutxazain automatikoa du, herritarrek dirua ateratzeko nahiz beste eragiketa batzuk egiteko aukera izan dezaten. Beizama da Kutxabankek inolako presentziarik ez duen eskualdeko herri bakarra.

Kutxabank da Urola Kostan presentziarik handiena duen banku erakundea. Eskualdea osatzen duten 11 herrietatik zazpitan ditu bulegoak, eta beste hirutan bulegorik ez, baina kutxazain automatikoa du, herritarrek dirua ateratzeko nahiz beste eragiketa batzuk egiteko aukera izan dezaten. Beizama da Kutxabankek inolako presentziarik ez duen eskualdeko herri bakarra. 

Gipuzkoan ere joera bera da; alegia, Kutxabank dela bulego gehien dituen erakundea. Hain zuzen ere, Gipuzkoan guztira dauden 329 banku bulegotatik 78 Kutxabankenak dira (%24). Laboral Kutxak 62 bulego ditu Gipuzkoan (%19), eta Caixabankek 41 ditu (%12).

Urola Kostan eta Gipuzkoan ez ezik, Araban eta Bizkaian bulego gehien dituen bankua ere bada Kutxabank. Araban, dauden bulego guztietatik %33,5 dira bereak; 51 bulego, hain justu. Bizkaian, berriz, buelgo guztien %27 dira Kutxabankenak; zehatz esanda, 133 bulego. Nafarroan, ordea, bestelakoa da egoera. Guztira 402 banku bulego daude, eta horietatik 142 Caixabankek dira (%35). Sukurtsal gehien dituen bigarren erakundea Rural Kutxa da, bulego guztien %34rekin; eta Laboral Kutxa da hirugarrena, %9rekin. Kutxabankek, ostera, zazpi bulego besterik ez ditu Nafarroan.

 

Sektorearen berregituratzea

2008an eztanda egin zuen finantza krisiaren ondotik, sektoreak berregituraketa bortitza jasan du. Tamaina txikiko erankunde asko egotetik, tamaina handiagoko erakunde gutxiago izatera igaro da sektorea, eta batzuk bidean gelditu dira. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, 2015ean 40 finantza erakundek zituzten bulegoak Hego Euskal Herrian, eta iaz 26 erakundek zituzten. Urola Kosta eskualdean, berriz, bederatzi erakundek dituzte bulegoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide