Olinpiar Jokoak 2024

Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez-Etxabarri etxean dira jada

Jabi Gonzalez Toston | Maria Maya Manterola 2024ko mar. 6a, 11:30

Atzo heldu ziren surflari gazteak Puerto Ricotik, Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu ondoren. Harrera beroa egin zieten ingurukoek Loiuko aireportuan eta norbere herrian.

Joan den astean eskuratu zuten Nadia Erostarbe zarauztarrak eta Janire Gonzalez-Etxabarrik Parisko Olinpiar Jokoetan sailkatzea. Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan izan dira biak, eta elkarrekin bidaiatuko dute udan Tahitira, Olinpiar Jokoen barruan izango den norgehiagokan parte hartzera. 

Atzo heldu ziren biak Euskal Herrira. Ordurako, Loiuko aireportuan zain zituzten ingurukoak zein surf kideak sailkapena ospatzeko. Ikurrinak, surf taulak eta Olinpiar Jokoetako banderak eskuan hartuta jaso zituzten, nork bere herrirako bidea hartu aurretik. 

Zarautzen, ezustean jaso zuen ongietorria Erostarbek. Familiarekin herrigunera gerturatutakoan Lege Zaharren Enparantzan zain zituen herriko agintariak, bizilagunak eta gertuko lagunak. Surfari lotutako hainbat aurpegi ezagun ere baziren bertaratuen artean Erostarberi omen egiteko: Aritz Aranburu, Indar Unanue, Julen Elkoro eta Miriam Imaz, besteak beste. Azken hori, nazioarte mailan lehiatu zuen herriko lehen emakume surflaria.

Surf taulekin korridorea osatuz, udaletxerako bidea markatu zioten. Ezustean hartu zuen ongietorria kirolari olinpikoak, eta, hunkitu ere egin zen, gainera. Udaletxe atarira heldutakoan, lore sorta jaso zuen eta aurreskua eskaini zioten bi dantzarik. Horren ondoren, udaletxeko pleno aretora igo zen udaleko ordezkarien aitortza jasotzeko. Goraino bete zuten pleno aretoa.

Xabier Txurruka alkateak, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak eta Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak hartu zuten hitza eta balio eman zioten Erostarberen balentriari. Haiekin batera, Itziar Murua Zarauzko EH Bilduren udal taldeko bozeramaleak ere hartu zuen parte ekitaldian. Guztiek Tahitin (Polinesia Frantsesa) jokatuko duen probarako zorte ona opatzeaz gain, hango gorabeherak gertutik jarraituko dituztela adierazi zuen alkateak, nahiz eta Tehaupoo kilometro askora egon. Horrez gain, hitz eman zuen handik bueltan beste omenaldi bat egingo diotela. Erostarbek, bere aldetik, ere esker hitzak izan zituen bertaratu guztientzat.

Zarauzko Hitza-k bildu ditu argazkiak eta bideoa. 

Gonzalez-Etxabarriri, Itzurunen

Aireportura joateko aukerarik izan ez zutenak ere ospatu zuten Gonzalez-Etxabarrirekin. Eguzki sarrerarekin batera elkartu ziren surf zaleak Itzurun hondartzan, eta gogotik ospatu zuten surflari gazteak Puerto Ricon lortutakoa. Baleike-n ikus daitezke Itzurungo argazkiak eta bideoa. 

Parisko Olinpiar Jokoak uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira, eta surfeko lehiaketa Tahitiko Teahupo'o olatu sonatuan jokatuko da, Paristik 15.000 kilometrora. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide