Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du; izan ere, uztailaren 27tik 30era Tahitiko (Polinesia Frantsesa) Teahupoo uharrian jokatuko duten proba lehiatzeko azken txarteletako bat lortu zuen atzo Puerto Ricon. Munduko Txapelketa jokatzen ari dira bertan eta zortzi surflari onenen artean sailkatu da Erostarbe orain arteko lau kanporaketak gainditu ondoren.
Azken horri esker lortu du Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, hain zuzen ere, Munduko Txapelketak han aritzeko zazpi txartel banatuko baititu. Txapelketako fase erabakigarrira heldu diren zortzi surflari onenen artean bik jada Parisko plaza ziurtatuta zutenez, zarauztarrak ere bermatu du berea, esan bezala.
Nolanahi ere, Munduko Txapleketa oraindik ez da amaitu eta Erostarbe finalera sailkatu liteke. Herretarako, dena den, beste bi kanporaketa gainditu beharko ditu. Gainera, horietakoren bat galduko balu ere, oraindik izango luke beste aukera bat finalera sailkatzeko bigarren aukerako kanporaketak jokatuko lituzkeelako.
Bada, bigarren aukera horretako kanporaketak jokatzen ari dena Janire Gonzalez Etxebarri zumaiarra. Lehenengo kanporaketan kaleratu zuten, baina txapelketan aurrera egiten jarraitzea lortu du bigarren aukerako bost kanporaketa gaindituta. Hala ere, bide luzea du aurretik oraindik finalera sailkatu nahi badu; izan ere, beste bost kanporaketa gainditu beharko lituzke gaur bertan izango du lehenengoa.
Keoni Lasa txapelketako beste zarauztarra, berriz, aukerarik gabe geratu da jada. Venezuelako selekzioarekin ari da eta Gonzalez Etxabarri bezalaxe, lehenengo kanporaketan kaleratua zuten. Bigarren aukeran lau gainditu ditu, baina bosgarrenean, ezin izan du aurrera egin.