2023. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Urolakosta.hitza.eus-ek joan berri den urtean ere –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Urola Kostako Hitzak 2023an ere. Guztira, 7.817 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hogeita bat albiste egunean, batez beste.
2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 506.376 bisita izan ditu Urolakosta.hitza.eus-ek. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtebeteko epean, 101.677 bisita gehiago lortu ditu. Eta egunean, batez beste, 1.387 bisita izan ditu webguneak.
Azken urteetako joera berretsi egin da 2023an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Hala, erabiltzaileen %80 inguruk aukeratu zuten eskuko telefonoa Urolakosta.hitza.eus webguneko albisteak irakurtzeko iaz.
Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Uztarria, Maxixatzen, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 10.263.009 bisita izan zituzten iaz, 2022an baino milioi bat bisita gehiago –9.174.112 bisita izan zituzten 2022an–.