Oikiako saneamendu lanak egin gabe jarraitzen dutela salatu du Eguzki taldeak

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 3a, 14:00

Urola ibaia Oikiatik pasatzen. (Eguzki)

Talde ekologistaren arabera, lan hauek duela hamar urte eginda egon behar zuten.

2023. urtea Oikiako saneamendu lanak egin gabe bukatu dela salatu du ohar baten bidez Eguzki talde ekologistak. Honen arabera, duela hamar urte bukatuta egon behar zuten lan hauek, eta atzerapen honek izan du eragina ibaiaren ur kalitatean.

Eguzkik azaldu duenez, Gipuzkoako saneamendu lan ugari egiteko esparru akordioa sinatu zuten herri erakundeek 2007an. Talde ek0logistaren arabera, Oikiako saneamendua "beranduenez 2011rako bukatuta egon behar zuen. 2010ean proiektu bat eta guzti idatzi zen, baina ez zen gauzatu, Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Proiektua tiraderan gelditu zen harik eta 2019an Jaurlaritzak berak eta aldundiak handik atera zuten arte".

Salatzaileen esanetan, lanal abian egon behar zuten 2021erako. 2010eko proiektuak, baina, ez zuen balio "zaharkituta omen zegoen eta", eta 2021ean berriro esleitu behar izan zuten proiektuaren diseinua. "Proiektu berria 2022an ipini zen jendaurrean. Itxura guztien  arabera, 2023an nahitaez hasi behar ziren lanak. Ez da horrela izan, ordea. Beraz, Oikiako hondakin-urek 2024an ere  jarraituko dute Urola 'nabarmen' kutsatzen". 

Aizarnazabalgo urak ere

Saneamendu plan honek Oikiako eta bertak0 industrialdeko hondakin urak Zumaiako ur araztegira eramango lituzkete. "Halaber, etorkizunean Aizarnazabalgo hondakinurekin horixe bera egitea ere ahalbidetuko du. Izan ere, Aizarnazabalgo hondakin urak ere gaur egun ibaira isurtzen dira", gaineratu du Eguzkik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide