Arrain zopa
Osagaiak (lau lagunentzat):
- Litro erdi arrain salda (legatz buru batekin egindakoa)
- Tipula
- Porrua
- Azenarioa
- Piper berdea
- Tomate heldua
- Bost koilarakada tomate saltsa
- Bi baratxuri ale
- Sei koilarakada oliba olio
- 25 gramo arroz
- Kopa erdi brandy edota cognac
- Gatza
- 16 bat txirla
- 100 gramo legatz (takotxoetan)
- 12 ganba ondo zurituta
Nola egin:
Legatz buru batekin arrain salda egin lapiko batean. Horretarako, lapikoan legatz burua jarri eta bi litro urekin estali, eta gatz apur bat eta oliba olio txorrotada bat gaineratu. Jarraian, sutan jarri lapikoa, 45 minutuz irakiteko (ez gehiago). Amaitutakoan, salda iragazi. Arrain salda egiten den bitartean, arrain zoparako mamia prestatzen hasi beste lapiko batean. Barazkiak txiki-txiki egin (baratxuria, tipula, porrua, azenarioa, piper berdea eta tomate heldua takotxotan). Ondoren, oliba olioa jarriko lapiko batean, su motelean, eta barazkiak banan-banan botako hara; lehenengo baratxuria, jarraian tipula, gero piper berdea, azenarioa, porrua, eta azkenik, tomatea. Barazkiak su motelean ondo sueztitu ondoren, brandy edota cognac kopa erdi bat gaineratu, eta, kontu handiz, su eman (flanbleatu). Sua bera bakarrik itzaltzen denean, tomate salda gaineratu, eta, jarraian, hasieran egindako arrain salda. Guztia irakiten hastean, arroza gaineratu eta ordu erdiz irakiten utz, arroza egosi arte (arrozak arrain zopa sendotuko du). Denbora hori pasatu ondoren, dena ondo irabiatu irabiagailu elektrikoarekin, eta txino batetik pasatu gero, fin-fina gera dadin. Amaitzeko, berriz irakiten ipini zopa, geratzen diren legatz, almeja eta ganbekin batera, gehienez bost minutuz. Hori eginda, prest dago arrain zopa.