Arrautza hautsiak onddoekin eta foiearekin

Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 11:15

Arrautza hautsiak onddoekin eta foiearekin

Osagaiak (lau lagunentzako):

  • 2 patata
  • 100 gramo onddo
  • Baserriko 4 arrautza
  • Foie freskoa, 2 zati (4 xerratan)
  • Saltsa egiteko osagaiak:
    • 2 tipula
    • 4 azenario
    • 4 porru
    • Olioa
    • Gatza

Nola egin:

Aurrena, tipula, azenarioa eta porrua txiki-txiki egin, eta oliotan ondo sueztitu. Kolorea hartzen utzi, saltsarako da eta. Barazkiak zeharo gorritutakoan, dena irabiatu eta saltsa hori berriro egosi, saltsak gorputz eta kolore egokia har dezan. Ondoren, patatak zuritu eta okin eran egin. Horiek plateraren azpialdean jarriko. Patatak egiten diren bitartean, onddoak hartu, zatikatu eta tipularekin batera dena goxatu. Eginak daudenean, aurretik egindako saltsarekin nahastu. Hori pataten gainean joango da. Ondoren, baserriko arrautzak oliotan frijitu eta onddoekin egindako saltsaren gainean jarri. Amaitzeko, foiea hartu, xerra fin samar bat ebaki, eta olio tantatxo batekin frijitu. Urre kolorea hartzen duenean, gatz pitin bat bota, eta arrautzaren gainean jarri. Gomendioa: jateko unean, dena nahastu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide