Odolki eta mango biribilkiak sagar alioliarekin

Erredakzioa 2024ko abe. 17a, 17:28

Odolki eta mango biribilkiak sagar alioliarekin

Osagaiak:

  • Biribilkientzat:  
    • Porru bat (zati zuria bakarrik)
    • Arrozezko edo barazkizki odolki bat
    • Mango bat
    • Oliba olioa
    • Gatza
    • Brick pasta, xaflatan
    • Tipulin adarrak (biribilkiak lotzeko)
    • Gurina, urtuta
  • Sagar alioliarentzat:
    • Errege sagar bat
    • Bi baratxuri ale
    • 125 mililitro ekilore olio
    • 50 mililitro esne
    • 3 mililitro sagar ozpin edo sagardo
    • Limoi baten zukua
    • Oliba olioa (zurrustada bat)
    • Gatza

Nola egin:

Porrua garbitu eta txiki-txiki egin. Ondoren, olio pixka batekin frijitu, 15 bat minutuz. Odolkiari azala kendu eta papurtu. Porruarekin batera 15 minutuz egin, kurruskari eta txigortuta gelditu arte. Mangoa laukitxotan moztu eta beste 10 minutuz egiten utzi, bigundu arte. Behin hori guztia egindakoan, epeltzen utzi. Brick xafla borobila bada, lauki bat egin, ertzak kendu, eta lau zatitan banatu. Biribilki bakoitzak brick pastaren bi laukitxo edukiko ditu. Pastaren laukitxo bat hartu eta urtutako gurinarekin margotu, eta beste laukitxo bat jarri eta berriro margotu gurinarekin. Laukitxoaren erdian aurrez porruarekin, odolkiarekin eta mangoarekin egindako prestaketatik pixka bat jarri. Zapaldu, forma luzexka eta fina emanez. Biribilki forman itxi eta ertzak gurinarekin margotu, itsatsita gelditzeko. Biribilkia erditik tipulin adarrarekin lotu. Labeko erretilu batean laberako papera jarri; aurrez labea goitik eta behetik berotu, 180 gradutan. Biribilkiak labean sartu, eta 10-15 minutuz eduki, gorritu arte.

Sagar aliolia egiteko, sagarra zuritu, zatitu eta limoi zukuarekin busti. Irabiagailuaren ontzian jarri, honakoak: baratxuriak, ozpina, gatz pixka bat, esnea, ekilore olioaren erdia eta oliba olioa. Guztia irabiatu, sagar zatiak gehitu eta berriro dena irabiatu. Era berean, pixkanaka ekilore olioa gehitzen joan emultsionatuta gelditu arte.

Aurkezpena:

Plater baten erdian biribilki batzuk jarri, eta horien gainean beste batzuk. Inguruan, sagar alioliaren puntutxo batzuk marraztu, tipulin ukitu batekin. Katilu batean, nahiko sagar alioli jarri, bertan biribilkiak busti ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide