A30 greba feminista orokorra

Eskualde mailako manifestazio jendetsuak borobildu du greba feminista orokorraren eguna

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 1a, 10:03

Inguruko herri askotatik joan ziren herritarrak atzo iluntzean Zumaiara zaintza sistema publiko eta kolektiboa eskatzera, eta euritan egin zuten aldarriz betetako ibilbide luzea. Amaierako ekitaldian ere eskualdeko talde feministetako kideak elkarrekin egon ziren oholtza gainean.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorrera deitu zuen atzoko, azaroak 30, eta goizean goizetik kalean nabaria izan zen grebaren eragina Zumaian. Egun osoko egitarauari amaiera emateko, bertan zen egitekoa eskualde mailako manifestazioa ere, eta ehunka lagun bildu zituen hitzorduak. Euritan egin zuten ibilbide luzea zumaiarrek ez ezik, baita inguruko herrietatik etorritako jende andanak ere, Zaintza sistema publikoa orain lelopean.

Adin guztietako gizon-emakumeak Beheko Plazatik abiatu ziren, eta errepide nagusitik barna joan ziren Alai auzune ingurura. Han kalerik kale ibili, eta berriz ere errepidetik egin zuten buelta, herrigunea zeharkatzeko. Erribera kaletik iritsi ziren berriz ere Beheko Plazara, eta han izan zen ekitaldia; bertso batekin ekin, ondoren eguneko irudiak pantaila handian ikusi, eta azkenik, irakurketa orokorra egin zuten lau emakumek. Oholtzan, pankartaren atzean, eskualdeko talde feministetako kideak egon ziren, denak elkarrekin.

Oihu eta txalo zaparrada artean amaitu zen greba eguneko azken hitzordua.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

(Gaur goizean zehar manifestazioaren bideo-kronika adierazpenekin)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide