Eusko Label baserriko txerriaren azpizuna mostazarekin eta patata purearekin

Erredakzioa 2024ko abe. 18a, 11:27

Eusko Labeldun baserriko txerriaren azpizuna
mostazarekin eta pata purearekin

Azpizunarentzako osagaiak:

  • Eusko Labeldun baserriko txerriaren 2 azpizun
  • Oliba olio birjina
  • Koilarakada bat gurin
  • 2 edo 3 koilaratxokada mostaza
  • Limoi erdia
  • Gatza
  • Perrexila
  • Piperbeltz beltza
  • Katilu bat haragi salda
  • Likor katilukada bat (whiskya edo rona)
  • Arto irin koilarakada bat

Patata purearentzako osagaiak:

  • Pertsonako bi patata
  • Koilarakada bat gurin
  • Koilarakada bat oliba olio birjin
  • Birrintzeko trufa
  • Piperbeltz beltza
  • Gatza

Nola egin:

Azpizuna: zartagin zabal bat su gainean jarri, eta oliba olioarekin hondo guztia estali. Azpizunei gatza eta piperbeltz beltza bota, eta zartaginean jarri; gorritu arte su bizian, eta behin bi aldeak gorritutakoan, sua jaitsi eta egin arte eduki, 15 bat minutuz. Azpizunak atera eta erretilu batean gorde estalita, beroa gal ez dezaten.

Patata purea: patatak zuritu eta egosten jarri, gatza botata. 15-20 minutu inguruz egosi. Gero, soberan duten ura kendu, eta piperbeltz beltz birrindua, gurina eta oliba olioa gehitu patatei. Sardeska batekin, patatak zapaldu eta osagaiak ondo nahastu.

Saltsa: azpizunak frijitu diren oliotan bertan, likorea bota, eta behin alkohola lurruntzen denean, limoi erdiaren zukua, gurina, haragi salda eta mostaza gehitu. Su baxuan eduki eta hagaxka batekin nahastu. Behin saltsa loditutakoan, arto irina (ur hotz pixka batekin nahastuta) gehitu. Era horretan, saltsa hobeto lodituko da. Azkenik, azpizunak erretiluan utzitako saltsa gehitu aurrez prestatutako saltsa horri.

Aurkezpena:

Taula baten gainean, zentimetro bateko xerratan ebaki azpizuna. Plater zabal baten gainean jarri eta saltsa erantsi. Patata purea jarri laguntzeko, eta gainetik trufa pixka bat birrindu eta perrexila bota.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide