Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelo hartuta mobilizatuko da Urola Erdiko Itaia azaroaren 30eko greban. Greba antolatzeko bi batzar ireki egin dituzte dagoeneko; urriaren 27an eta azaroaren 10ean eta ostegunean egingo dute azkena. Azpeitian Baigera aretoan eta Azkoitian Elkargunean, 19:00etan.
Itaiaren esanetan "egunetik egunera emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", azaldu dute Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Horrez gainera, "zaintzaren merkantilizazioa" ere salatu dute.
Horren aurrean, Urola Erdiko Itaiak azpimarratu du "beharrezkoa" dela guztiek lan eta bizi baldintza berdinak izateko antolatzea: "Horretarako beharrezkoa da lan banaketa sexualarekin amaitzea, zaintza lanen sozializazioa gauzatzea, eta guztiontzako soldata berdinak aldarrikatzea".