Statkraft eta bizilagunak

Sañu Bizirik 2023ko aza. 10a, 09:14

Sañoako gailurraren irudi bat.

Sañu Bizirik taldeak hedabide honetara bidalitako gutuna da honako hau.

Azaroaren 9an El Diario Vasco egunkariak honako albistea zekarren ekonomia sailean: "Statkraftek tramitazio-bide luzeago baten hautua egin du bizilagunak inplikatzeko" [Statkraft opta por un trámite más largo en el parque de Piaspe para implicar a los vecinos], eta bertan, Espainiarako Statkraften negozio garapenerako zuzendari Julio Cresporen hitzetan, erabaki hori hartu dute "gizarteari aukera gehiago emateko parkearen garapenean parte hartzeko", eta gehitzen du, Eusko Jaurlaritzari eskertzen diotela baina ohiko tramitazio-bidea hartzeko hautua egin dutela, nahiz eta luzeagoa eta korapilatsuagoa izan.

Bada, esan behar dugu, horrek ipuin polita badirudi ere, istorioa bestelakoa izan dela:

- Statkraftek tramitazio-bide laburrerako eskaera (hau da, ohiko ingurumen inpaktuaren ebaluaziotik salbuesteko eskaera) 2023ko uztailaren 4an egin zuen, komentzimentu osoz gainera, albistean aipatzen den 20/2022 errege-dekretu horren baitan.

- Horren berri izan ondoren, uztailaren 21ean Sañu Bizirikek prentsaurreko batean salatu zuen enpresaren jarrera eta egoera berri hark ekar zezakeen babesgabetasuna.

- 20/2022 errege dekretua eta Statkraften eskaera aztertuta, baieztatu genuen eskaerak ez zituela betetzen dekretuak ezartzen dituen baldintzak tramitazio-bide azkarrerako, eta zentzu horretan eskaerak egin genituen Industria Lurralde Ordezkaritzan, bide hori itxi ziezaieten exijituz.

- Abuztuan, Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo udalek ere antzeko eskaera bat egin zuten, prozedura berri honekin beren desadostasuna azalduz. Erabaki hori, neurri batean behintzat gure eraginez hartu zutela pentsatzeko arrazoiak baditugu.

- Irailean esan ziguten Industria Lurralde Ordezkaritzatik Statkraftek "atzera egin zuela" tramiteak azkartzeko bere eskaeran.

Beraz, argi dago Statkrafteko Crespo jauna gezurretan ari dela. Tramitazio-bide azkarra ez hartzeko arrazoia ez da DVko titularrean esaten dena. Arrazoiak beste batzuk dira: ez zituen bete beharreko baldintzak betetzen, gure aldetik presioa egin genuen hori aurrera atera ez zedin, eta azkenik, agian, horretan tematu beharrean, estrategia aldatu eta orain ipuin honekin datoz, ingurumen baimenaren fase erabakigarrian sartzera goazenean. Zalantzarik ez egin, tramitazio-bide azkarra hartzeko jarri zitzaizkion oztopoak ez balitzaizkio jarri izan, edota errege dekretu horrek ezarritako baldintzak beteko balitu, ingurumen inpaktuaren ohiko ebaluazioa hankartetik pasata izango zutela. Horixe baitzen euren asmoa uztailean eskaera hura egin zutenean. Ez diezagutela ipuinik kontatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide