Oikia eta Zarautz arteko trenbidearen zati bat berritzeko 774.000 euroko diru partida onartu du Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak. Guztira, 700 metroko zati bat berrituko dutela iragarri du Euskal Trenbide Sareak (ETS). Erakunde publikoko kontratazio-mahaiak argi berdea eman dio bost hilabeteko egikaritze epea duen proiektuaren lizitazioari.
Zumaia eta Zarautz arteko trenbide zatian berritze lan desberdinak egiten ari da erakundea. Hala, pasa den udan Zumaiako trenzubiko birgaitze lanei ekin zioten, eta Meaga azpiko tunela ere konpontzen ari dira hango sabaia erori ondoren. Zumaiako zubitik Arteagako tunelera arteko trenbide zatian ere berritze lanak egingo dituela iragarri du ETSk. Guztira, lan hauetako ia 7 milioi euro bideratu dira. Horietatik 5 milioi trenzubiko birgaitzean erabiliko direla ere azaldu du erakundeak.
Lan hauen helburua oso hondatuta dagoen trenbide-tartea berritzea da eta, zatirik handienean, Zumaia eta Zarautz arteko trenbidearen berriztapena osatzea. Trenbide tarte horretako azken berrikuntza integrala 1994. urtean egin zela azaldu du ETSk.