Santu Guztien Eguna

Jakin nahi dutelako galdetzen dute

Manex Beristain 2023ko aza. 1a, 09:00

Manex Beristainek honako iritzi hau idatzi du Urolako Komunikazio Taldeak Santu Guztien Egunaren bueltan kaleratu duen gehigarri berezirako.

Larunbat arratsaldea izango zen, udazken hasierako egun goxo horietako bat. Heriotza ate joka, urtaroen aldaketa naturalean. Hostoak zuhaitzetatik erortzen, dantzari finenak bezala. Eta herri txiki hartako haurrak, plazan jolasean. Bai, jolasean zebiltzan, naturaltasun osoz, natura bera bezala.

Zortzi bat haur izango ziren larunbat arratsalde epelean. Plazaren ertz batean, haur multzoa joan-etorrian zebilen, jolasa antolatzen. Egurrez egindako esku ohe bat zeukaten lurrean, eta bertan, etzanda, panpin bat. Panpina, ia osorik oihal batez estalia zegoen, burua bistan zuela. Eta inguruan, apaingarri gisa, loreak eta garo multzoa zituen. Halako batean, guztiak isildu eta lerro batean kokatu ziren, modu solemnean. Egurrezko kutxa irekia, lauren artean zutitu eta hunkitzeko moduko isiltasunean plazaren beste alderuntz abiatu ziren.

Zenbait haurrek eskuetan loreak zeramatzaten. Zeharkaldi osoan pauso lasaia eta koordinatua mantendu zuten, egiten zuten horretan erabat murgildurik. Plazaren beste ertzean aurkitzen zen belardira heldu, eta egurrezko kutxa, kontu handiz, belar gainean utzi zuten. Aldian aldiko irribarreak albo batera utzita, keinu serioa nabari zitekeen aurpegietan. Kutxa inguratuz borobil bat osatu, eta panpina lorez estali zuten.

Handik gutxira, alaitasun betean zebiltzan jolasean. Bost minutu lehenago hiletara jolastu zuten haurrak ezkutaketan zebiltzan, barre algara eta garraxi artean.

Jolasa gure barruko zauriak sendatzeko tresna ederra dugula esatea ez da astakeria bat. Alderantziz, gure eguneroko ohituretan txertatzea ederra litzateke. Eta haurrak badak hori, inork esan gabe, zein den jolasaren boterea.

Heriotza bezalako gaiek oraindik ere tabu izaten jarraitzen dute gure jendartean. Ziurrenik, heriotzari buruzko pentsamenduak izango ditugu aldika. Eta aurrez aurre begiratzeko aukera probestu beharrean, albo batean uzteko bulkada sentituko dugu. Baina heriotzaren gaiak hor jarraituko du zain, noiz helduko. Eta heriotza gure bizi agendan kokatzeak lagundu egingo digu lasaiago bizitzen, gauzak errazago askatzen, eta haurren galderei erantzuten.

Izan ere, haur batek heriotzari buruz galdetzen digunean, erantzuna jasotzeko prest dagoelako da. Heriotzari buruz, baina gehienbat bizitzari buruz jakin-mina duelako, eta bizitzaren prozesua ulertu nahi duelako. Beraz, gure ardura da haurrari, berak ulertzeko moduko hitzekin, heriotzaz garbi hitz egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide