Ondarearen Europako Jardunaldien sasoia iritsi da

Mailo Oiarzabal 2023ko urriaren 4a

Beizamako Leunda baserria. Bisita gidatua egingo dute han larunbat honetan. (Euskadi.eus)

Beizaman, Getarian, Zestoan eta Zumaian doako hainbat ekintza egingo dituzte hil honetan. Horietan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioa gaur abiatuko da Gipuzkoan, eta Urola Kostan, Beizaman, Getarian, Zestoan eta Zumaian egingo dituzte aurten "gure ondarea bizirik mantentzeko askotariko moduak" aztertzeko balio nahi duten jarduerak eta ekintzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herenegun aurkeztu zuen Ondarea bizirik leloarekin eta 50 eragile baino gehiagorekin elkarlanean urrirako eta azarorako prestatu duen programa. "Gipuzkoako ondare garrantzitsua ezagutaraztea" da datozen asteetan lurraldeko 33 udalerritan egingo dituzten 107 ekintzen xede nagusia, "arreta transmisioan jarrita". Erakusketa, bisita gidatu, hitzaldi edota tailerren bidez, hainbat gai jorratuko dituzte Ondarearen Europako Jardunaldien barruan; besteak beste, desagertzear dauden lanbideak, jokoak, ohiturak eta dantzak, artisautza edota dokumentuen eta artelanen kontserbazioa.

Eskualdeko aipatutako lau herrietan gauzatuko dituzten ekintzak ere askotarikoak izango dira. Urrian izango dira guztiak, baina bakarren bat martxan da jada: Zumaian, joan den irailaren 21etik urriaren 15era arte ikusgai dago Alondegiko sarreran Olarro zopa, Zumaiako ondarea argazki erakusketa. Gainerakoen artean goiztiarrena larunbat honetan, urriaren 7an, izango da. Egun horretan, 11:00etan hasita, Beizamako Leunda baserrira bisita gidatua egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek; izan ere, ekintza guztiak doakoak dira, baina parte hartu ahal izateko aurrez eman behar da izena.

Urriaren 21ean eta 22an, Getariako Balentziaga museoan bisita komentatua eta bisita dantzatua egingo dituzte, hurrenez hurren; biak izango dira gaztelaniaz, eskualdeko beste hitzorduak ez bezala. Zestoan, berriz, Ekain bailarako landaredia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute hilaren 21ean.

Eskualdeko egitaraua

Beizama
  • Urriak 7, larunbata, 11:00. Leunda baserrira bisita gidatua. "Duela urte batzuk landa lana nolakoa zen eta gaur egunera arte nola eboluzionatu duen azalduko dute. Era berean, mota guztietako animaliak ikusteko aukera izango da: behiak, txerriak...". Aurrez izena emateko: oierarruti8@gmail.com helbide elektonikora idatzi edo 687 49 26 38 telefono zenbakira deitu behar da.
Getaria
  • Urriak 21, larunbata, 10:30. Bisita komentatua Balentziaga museoan. "Obra bat museoan gordailatzen denean aplikatzen den prozedura, bildumak kontserbatzeko eta erakusteko irizpideak eta ondare biziari eusten jarraitzeko egiten diren lanak ezagutu ahalko dira".
  • Urriak 22, igandea, 12:00. Bisita dantzatua Balentziaga museoan. "Bi dantzarik bisitariei lagunduko diete dantza-bidaia batean, museoa mugimendu bidez bizitzeko, eta han gordailaturik dagoen ondareak sormenaren ikuspegitik duen ahalmena agerian jartzeko".

Getariako bi hitzorduetarako aurrez izena emateko, 943-00 88 40 telefonora deitu edo info@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzi behar da.

Zestoa
  • Urriak 21, larunbata, 12:00. Ekain bailararen landarediak eremu babestu izan arte historian jasandako aldaketak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute. Aurrez izena emateko: 943-86 88 11 telefonora deitu edo info@ekainberri.eus helbidera idatzi behar da.
Zumaia
  • Urriaren 15a arte. Javier Carballo argazkilariaren Olarro zopa, Zumaiako ondarea erakusketa ikusgai dago Alondegian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide