Marka berria ezarrita, Izeta VI.ak irabazi du Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 10a, 14:35

Andoni Iruretagoiena 'Izeta IV.a' iazko irailaren 24an, Azpeitiko zezen plazan, Euskal Pentatloi Sariaren finala irabazi zuenean. (Maialen Etxaniz)

1983an Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak ezarritako marka hobetzea lortu du Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak. Izetaz VI.az gain, honako bost kirolariek eskuratu dute hilaren 23an Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten finalerako txartela: Xabier Zaldua zumarragarrak (Gipuzkoa), Xabat Olaizola zarauztarrak, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarrak (Bizkaia), Aritz Irazabal ugaoarrak (Bizkaia) eta Julen Kañamares arostegiarrak (Nafarroa).

Atzokoa markak hauts zitzakeen Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa izan zitekeela aurreratu zuten antolatzaileek, eta iragarpenak bete egin ziren. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak 1983an egindako denbora hemeretzi segundotan hobetuta. Horrenbestez, kanporaketa irabaztea eta Euskal Pentatloi Sariaren finalerako txartela eskuratzeaz gain, marka berria ezartzea ere lortu zuen Aiako kirolariak.

Irailaren 23an izango da final handia atzo kanporaketa jokatutako toki berean, alegia, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita, eta Izeta VI.ak aurrez aurre izango ditu atzo finalerako txartela lortu zuten beste bost kirolariak: Xabier Zaldua zumarragarra (Gipuzkoa), Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra (Bizkaia), Aritz Irazabal ugaoarra (Bizkaia) eta Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa).

Aldiz, finalerako ateetan gelditu ziren atzoko kanporaketa gainditu ez zuten beste sei kirolariak: Jagoba Otaegi aizarnarra, Gorka Etxeberria oriotarra, Joseba Arakama zumarragarra (Gipuzkoa), Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra (Bizkaia), Beñat Amade algortarra (Bizkaia) eta Mikel Agirre ondarroarra (Bizkaia). 

Finalerako txartela lortu ala ez, hamabi kirolariek eman zuten ikuskizuna atzo 18:00etatik aurrera Azpeitiko zezen plazan egindako saioan, eta arratsalde atsegina igaro zuten harmailetan bildu ziten 200 bat ikuslek. Kirolari bakoitzak ehun kiloko bolari hamar jasoaldi eman beharko izan zizkion; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin; txingetan, hiru plaza osatu; eta korrika, kilometroa egin.

Hilaren 23ko finalean, ordea, ia bikotza egin beharko dute; hain zuzen ere, ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. Bi txandatan aterako dira plazara, atzoko kanporaketako sailkapenaren arabera. Horrela, ohorezko txandan ariko dira Izeta VI.a, Zaldua eta Olaizola; eta beste txandan ariko dira Zelai IV.a, Irazabal eta Kañamares.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide