Ate joka da iraila, eta horrekin batera, traineru denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuenak: Donostiako estropadak. Ohiturari jarraituz, gaur eta bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako sailkapen estropadak, eta eskualdeko taldeak bertan izango dira. Batzuek arraunaren festaz gozatzea eta denboraldia borobiltzeko ahalik eta lanik txukunena egitea izango dute helburu, eta besteek, berriz, datozen bi igandeetarako txartela lortzea. Dena dela, horretarako egunotan jokatuko diren erlojuaren aurkako probetan zazpi azkarrenen artean sailkatu beharko dute traineruek.
Gaur, 18:00etan ekingo diote emakumezkoen sailkatze estropadari, eta hemezortzi talde aterako dira uretara. Gizonek, berriz, bihar izango dute hitzordua, ordu berean. Hala, txartela lortzen dutenek irailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte estropadak, igandearekin. Emakumeen lehia 11:00etan hasiko da, eta gizonezkoena 12:00etan.
GETARIA
Eusko Label ligako sailkapen nagusian seigarren postuan kokatuta dago Getariako Esperantza, eta iazkoa errepikatuta, aurten ere barruan egon nahi du. Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidenteak etxeko banderaren aurkezpenean azaldu zuenez, Getaria bezalako elkarte batentzat "ikaragarria" litzateke "bi urtez jarraian Eusko Label ligan sailkapenaren erdialdean egonkortzea eta Kontxarako sailkatzea". Dena dela, jakin badaki horretarako "dena oso ondo" egin behar dela. "Hala eta guztiz ere, gauza gutxigatik kanpoan geratzeko aukera izaten da. Hamarreko talde bat bagaude Kontxa jokatzeko gogoz, eta KAE 1ean sailkapenaren buruan jardun diren taldeek ere sartzeko ahalegina egingo dute. Beraz, egunean bertan dena oso ondo egin beharko dugu txartela lortzeko", nabarmendu zuen.
Getariako Arraun Elkarteak uste du zaleen babesa garrantzitsua dela arraunlarientzat. Horregatik, sailkatze estropada aurretik egingo dute azken entrenamenduan beren poza, indarra eta harrotasuna adieraztera deitu dituzte getariarrak. Gaur 18:00etan jarri dute hitzordua Moila Berrian eta Amabirjinan.
ORIO
Orio Arraunketa Elkarteko ontziek gorriz markatuta izan ohi dituzte iraileko lehen bi asteburuak. Donostiako estropadak jokatzeko sailkatzea da gizonen zein emakumeen helburua, eta erlojuaren aurkakoan ahalik eta lan txukunena egitera aterako dira, ezustekorik izan ez dadin.
Emakumeen taldeak bukatu du Euskotren liga, eta bigarren postuan sailkatu da. "Emakumeak indartsu iritsi dira irailera. Estropadarik gabeko bi aste hauek oso ondo etorri zaizkie arraunlariei Zarauzko estropada atzean utzi, entrenamendu onak egin eta indarberritzeko. Beraz, gure helburua gaur txartela lortzea eta bandera irabazteko lehian sartzea izango da", azaldu du Esnaolak.
Gizonezkoek ere gaurko sailkatze estropadan lehen zazpi ontzi azkarrenen artean sartzea izango dute helburu. "Aurreko asteburuan Ondarroako Bandera irabazi zuen taldeak. Uste dut garai onean iritsi dela garaipena, indarra emango dielako arraunlariei eta balioko diela sinesteko egiten ari diren lana ona dela".
ZARAUTZ
Zarautz Arraun Elkartea ere "lan ona egiteko asmoz" joango da sailkapen estropadetara. Jon Artola elkarteko presidenteak azaldu duenez, emakumeen taldeak "guztia du irabazteko"; galtzeko, beraz, batere ez. "Azken estropadetan bezala arraunean egiten badute, sailkatzeko aukerak dituztela uste dugu. Erlojupeko estropadetan ondo moldatzen dira, gainera".
Gizonentzat, berriz, festa eguna izango dela nabarmendu du Artolak. "Arraunlari guztien ametsa da estropada hori jokatzea. Ahalik eta lanik txukunena egitea, uretan gozatzea eta denboraldi polit honi itxiera on bat ematea izango da asmoa".
ZUMAIA
Zumaiako Telmo Deun ere ZAEren asmo berarekin joango da egunotan Donostiara. Luis Mari Goikoetxea Goikoren esanetan, emakumeek izan dezakete sailkatzeko aukera. "Jakin badakigu lehia estua izango dela bertan izateko, baina gauzak ondo ateratzen bazaizkigu, barruan izan gaitezke. Neskak bikain ibili dira udan, eta Euskotren ligako play offa jokatzeko txartela ere lortu dute. Hortxe gabiltza, eta espero dugu zortea izatea".
Gizonen taldearentzat, berriz, "denboraldi bikaina borobiltzeko", Donostian ahal den estropadarik onena egitea izango da helburua. "Nahi dugu arraunlariek gustura bukatzea denboraldia, merezi dute eta. Lan bikaina egin dute".
Oro har, Zumaiako Telmo Deun elkarteko bi taldeek denboraldi "oso ona" egin dutela azpimarratu du Goikok. "Aurreko denboralditik salto handia egin dugu, eta emaitzetan ere ikusi da hori". Hala, zaleak sailkatze estropadetan etxeko traineruak animatzera joatera deitu ditu Telmo Deuneko kideak. "Zaleen berotasuna bultzada garrantzitsua izango da-eta arraunlarientzat".