Bertol Etxabe: "Festa batzordean kide berriak bagaude ere, denentzako festak antolatzen saiatu gara"

Mireia Galarza Bastida 2023ko abu. 22a, 16:00

Bertol Etxabe, goian ezkerretik hasita bigarrena, Oikiako festetan. (Utzitakoa)

Ostegunean hasiko dira Sanbartolomeak Oikian. Meza eta txupinazoarekin hasiko dituzte bost egunez luzatuko diren jaiak, eta oikiarrek izango dute zer gozatua bertan. Bertol Etxabe festa batzordeko kideetako bat da, eta bere esanetan, "gustu eta adin guztientzako" ekintzak izango dira sanbartolomeetan.

Festak ate joka dituzue. Prest al zaudete?

Bai, noski, ilusioz gaude. Egia esateko, urduritasun pixka bat ere sentitzen dut, dena ondo joango ote den pentsatzean, baina orokorrean bai, gogoz eta prest gaude. 

Bost eguneko egitarau oparoa osatu duzue. Lana ere izango du horrek, ezta?

Bai. Gu saiatu gara aurreko urteetakoa oinarri bezala hartu eta horren gainean erabakiak hartzen. Gainera, festa batzordean ere belaunaldi aldaketa bat egon da aurten, eta guretzat berria izan da prozesua. Aurreko urteetan festa batzordean aritu direnek guri pasatu digute horretarako ardura, eta horregatik lehentxeago hasi ginen festak antolatzen, otsailean edo. Denbora hartu nahi izan dugu, gauzak ondo egiteko. Momentuz, zortzi kidek-edo osatzen dugu taldea, eta ondo moldatu gara.

Berrikuntzarik izango al da?

Gure asmoa izan da ingurukoa babestea eta laguntzea. Horregatik, larunbat goizean artisau azoka antolatu dugu inguruko produktuekin eta bertan izango dira, besteak beste, Santa Klara esnekiak edo Bilearrings pitxiak. Musikarekin ere bide bera jarraitu dugu, eta Manitu eta Eire bezalako sortzaile berri eta txikiak bultzatzen saiatu gara, ingurukoak horiek ere. 

Jende asko espero al duzue festetan?

Gure nahia izaten da Oikiarekin lotura dutenak etortzea sanbartolomeetara, baina egia da ostiralean eta larunbatean bestelako jendea ere etortzen dela. Azken finean, gure helburua ere bada ingurukoek ere Oikiako festetaz gozatzea. Gainera, adin eta gustu guztietarako ekintzak antolatu ditugu. 

Oikiar bezala, garrantzitsuak al dira sanbartolomeak zuretzat?

Zalantzarik gabe. Gure-gureak dira sanbartolomeak, eta aurten ederki igarri dugu hori, hainbeste denbora festei eskaini ondoren. 

 

Hona hemen, egunez egun, sanbartolomeetako egitaraua. 

  • Abuztuak 24, osteguna: San Bartolome eguna
    • 11:00. Meza
    • 12:00. Txupinazoa
    • 17:00. Asto probak: Artabilla, Peio eta Etxabe
    • Ondoren, bingo musikatua
    • 22:30. Astiasaran II eta Andonegi trikitilariak
  • Abuztuak 25, ostirala: Umeen eguna
    • 10:30. Aurpegi pintaketa eta tatuajeak
    • Jarraian, ume jolasak
    • 12:00. 5X5 futbol txapelketa
    • 13:00. XV. Karrikotxe jaitsiera
    • 16:00. Puzgarriak
    • 18:00. Zirku tailerra
    • 21:00. Disko festa eta Zokormazo afaria
    • 23:00. Manitu eta EIREren kontzertuak
  • Abuztuak 26, larunbata: Baserritarren eguna
    • 11:00. Artisau azoka
    • 14:00. Euskal parrilla
    • 17:00. Sagardo dastaketa
    • 19:00. Hamarru elektrotxaranga
    • 22:30. Fan&Go
    • Ondoren, DJ Davila eta Patx
  • Abuztuak 27, igandea: Jubilatuen eguna
    • 12:00. Omenaldia
    • Jarraian, pilota partidak: Larrañaga-Albeniz VS Etxaniz-Gartzia
    • Eguardian, jubilatuen bazkaria
    • 17:00. Herri kirolak: Mugika, Ezpeleta, Mugertza eta Corchero.
    • Ondoren, idi probak: Etxabe-Palazio eta Labaka
    • Egunean zehar, "Gure Boza".
    • 22:30. Izer eta Alabier trikitilariak
  • Abuztuak 28, astelehena: Mozorro eguna
    • 11:00. Meza
    • 12:00. Bertso poteoa Julio Soto eta Uxue Alberdirekin
    • 14:30. Paella jana
    • 18:00. Jokoak
    • 22:3o. Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak
    • Gauerdian, txin-txin herrikoia

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide