Bilboko uretan jokatu dituzte estropadak gaur arratsaldean ETE eta KAE1 ligetako Zumaiako eta Zarauzko ontziek. 17:00etan lehiatu dute ETE ligako estropada; KAE1 ligakoek egin dute ondoren, 17:45ean.
Alde batetik, ETE ligan estropada bikaina egin du Zarautz Arraun Elkarteak, eta bandera etxera ekarri dute emakumeek. Telmo Deuneko trainerua iritsi da Zarautzen atzetik, bi segundo beranduago, estropadan bigarren postua eskuratuz. Hori horrela, gaurko estropadaren ondoren bigarren postuan da Telmo Deun, Kaiku Nortegas traineruaren atzetik; hirugarren dira, berriz, Zarautz Arraun Elkartekoak. Azken estropada geratzen zaie ETE ligako taldeei, datorren igandean, Erandion.
Bestetik, KAE1 ligakoek aurtengo denboraldiko azken estropada jokatu dute arratsaldean. Zumaiako eta Zarauzko taldeek bigarren txandan lehiatu dute, eta ez dute egunik onena izan bertan. Izan ere, Zarautz Arraun Elkartea azken bigarren helmugaratu da; Telmo Deun, berriz, txandako azkena izan da. Horrenbestez, sailkapen nagusian bostgarren postuan geratu da Telmo Deun, Zarautz Arraun Elkartea, berriz, seigarren.