Bermeo Urdaibaik eta Donostia Arraun Lagunakek astindu dute Zarauzko Ikurrina atzoko eta gaurko estropadak batuta ontzi azkarrenak izan ondoren. Bizkaitarrek, gainera, bi estropadak irabazi dituzte eta alde handiarekin izan dira asteburuko onenak. Arraunek, aldiz, estutu egin behar izan du atzo lortutako errenta defendatzeko; izan ere, gaurko estropadan Donostiarra izan da azkarrena.
Eusko Label ligako gaurko estropadari erreparatuta, Urdaibaik atzokoa errepikatu eta triskantza egin du ohorezko txandan. Hamazazpi segundo atera dizkio Donostiarrari, hemeretzi Hondarribiari eta 35 Oriori. Azken honek, ez du atzoko arraunketarik erakutsi gaurkoan eta zortzigarren sailkatu da estropadan. Dena den, asteburuko sailkapenean bosgarren postua lortu du. Horren aurrean, Iosu Esnaola Orioko presidenteak aitortu du gaurko estropadak "garraztu" egin diela atzokoak utzi zien zapore gozoa: "Ikusi dugu onenaren pare egoteko bi egunetan eman behar dela aurpegia. Egun batean eman dugu eta bigarrenean kostatu egin zaigu".
Erdiko txandan aritu den Zierbena izan da gaur Urdaibairekin lehiatzeko gai izan den bakarra, nahiz eta, Bermeoko ontziak sei segundo atera dizkion, azkenean. Nolanahi ere, gaurko estropadan egindako lan onari esker bigarren sailkatu da Zierbena Zarauzko Ikurrinako sailkapenean. Urdaibairengandik 32 segundora, hori bai.
Zierbenaren atzetik Getaria izan da erdiko txandako azkarrena eta bosgarrena gaur. Asteburuko sailkapenean, berriz, seigarren amaitu du. Xabier Goikoetxea klubeko presidentea "gustura" agertu arraunlariek bi egunetan erakutsi duten mailarekin: "Badakigu non gauden eta nondik gatozen eta aurrekoei aurre egitea oso zaila da. Caborekin dugu gure borroka partikularra sailkapeneko seigarren posturako eta bai atzo eta bai gaur ateratzen ziguten aldea murriztu diegu". Datorren igandean etxean jokatuko dute getariarrek eta Goikoetxeak adierazi du "gogotsu" daudela "beti gustatzen delako zaleen aurrean ahalik eta estropada onena egitea".
Euskotren liga Arraunentzat
Euskotren ligan, Donostiarra izan da azkarrena, esan bezala, Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Orioren aurretik. Lau, bederatzi eta hamaika segundo atera dizkie, hurrenez hurren. Oriori gaur ateratako errenta horri esker asteburuko sailkapenean ere aurreratu du eta bigarren postua lortu du Zarauzko Ikurrinan.
Hori ez da izan gaurko sari bakarra Donostiarrarentzat; izan ere, Nerea Perez patroiak ligako patroi onenaren saria irabazi du. Lau puntuko aldea ateratzen ateratzen zion Miren Garmendia Hondarribiko patroiak azken jardunaldiaren faltan eta berdintzea lortu du gaur Perezek.
Liga txapeldunaren garaikurrari dagokionez, ez da sorpresarik izan Arraunek altxa du. Gaurko emaitzarekin Oriorekiko aldea beste bi puntutan handitu du, gainera. Bederatzi atera dizkio, azkenean.
Hori horrela, Orioko Arraunketa Elkarteko presidenteak aurkaria zoriondu nahi izan du, lehenik eta behin, eta "liga ahaztuta Kontxari begira" orain jarriko direla esan du, ondoren. Irabazteko gai ikusten du taldea Esnaolak: "Badakigu irabazteko gai garela. Arraunek bost estropada irabazi ditu aurtengo ligan eta guk eta Donostiarrak launa. Hamabost egun ditugu etxeko lanak ongi egiteko eta adi ibili beharko dugu akats txikiak garesti ordaintzen direlako eta aski direlako aurkariek ihes egiteko".