Lan aparta egin dute gaur ETE eta KAE1 ligetako traineruek Zarauzko uretan, Telmo Deunek, betez ere; zeren, Zarauzko Ikurrina irabaztea lortu dute emakumezkoek eta txanda irabazi eta laugarren izan dira gizonezkoak. ZAE Zarautz Arraun Elkarteko traineruak, berriz, hirugarren eta seigarren izan dira. Zarauzko KAE1eko traineruak, gainera, puntu garrantzitsuak lortu ditu sailkapenari begira.
ETE ligan, Zumaiak lau segundo atera dizkio Kaikuri eta hamar hirugarren izan den Enbataru. Gaurko emaitzekin, gainera, Zumaiak matematikoki lortu du Euskotren ligara igotzeko play-offerako sailkatzea azken bi estropaden faltan. Hurrengoa, bihar izango dute, han justu, Bilboko uretan 17:00etatik aurrera.
KAE1 ligan, bestalde, Arkotek nagusitasunez lortu du garaipena. Plentziako (Bizkaia) ontziak hamalau segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den San Pedrori eta hamaseikoa Lapurdiri. Bigarren eta hirugarren sailkatu diren ontziei lotuta esan behar da itsasoan Ipar Euskal Herrikoa izan dela Libia baino azkarragoa, baina lehenengo irteeran epaileek agindua eman aurretik abiatu denez hiru segundoko zigorra jaso du eta irteera errepikatu dute. Laugarren Zumaia izan da, hain justu ere. Erdiko txanda irabazi dute Telmo Deuneko gizonek, beste behin, eta ohorezko txandan aritu den San Juanek ezin izan du zumaiarren denbora hobetu.
Etxeko traineruari dagokionez, bestade, bigarrena izan da erdiko txanda horretan Zumaiaren atzetik eta seigarren sailkapen orokorrean, esan bezala. Azken horren harira zehaztu behar da, lehenengo txandako Hondarribia Enbata baino segundo bat azkarragoa izan dela, baina ohorezko txandako San Juan segundo bat motelagoa.
Hori horrela, Zarautzen eta Camargoren artean sailkatu da gaur San Juan eta ZAEk bi puntu kendu dizkio ontzi kantabriarrari sailkapenean. Une honetan 88na punturekin berdinduta daude bi ontziak sailkapenean biharko azken estropadaren faltan. Ondorioz, bihar Bilbon aurretik helmugaratzen denak seigarren amaituko du KAE1 liga.