Zarautzek eskualdeko traineru talde guztiak bilduko ditu bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 18a, 18:45

Arraun zaleak Zarauzko iazko estropadak jarraitzen. (Zarauzko Hitza)

KAE1 eta ETE ligetako traineruek goizean izango dituzte estropadak eta Eusko Label eta Euskotren ligetakoek arratsaldean Zarauzko Ikurrinako lehenengo jardunaldia jokatuko dute.

Egun osoko arraun festa biziko du bihar Zarautzek; izan ere, ETE, KAE1, Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak jokatuko dituzte estropada eremu berean. Goizean ETE ligakoak izango dira abiatuko diren lehenengoak eta 11:15ean egingo dute, KAE1 ligakoek 12:00etan hartuko diete lekukoa eta liga nagusietako traineruen txanda arratsaldean izango da: 17:25ean emakumezkoak eta 18:15ean gizonezkoak. Gainera, Eusko Label eta Euskotren ligetako Zarauzko Ikurrina bi jardunaldietara jokatzen dutenez, igandean ere Zarautzen arituko dira azken horiek. KAE1 eta ETE ligako traineruek, berriz, Bilbon izango dute hitzordua eta ligako azkena izango da.

Zarautzen lehiatuko den eskualdeko traineruetako bakoitzak izango duen helburuari erreparatuta orain. Denboraldiko hirugarren banderaren bila aterako da ZAEren ETE ligako trainerua. Edonola ere, "presiorik gabe" arituko direla adierazi du Jon Artola klubeko presidenteak: "Neskei esan diegu ez dutela galtzeko ezer eta gozatzera ateratzeko". Ligako sailkapena ikusita, denboraldi osoa buruan daramaten Kaiku eta Zumaia dira biharko estropada irabazteko faboritoak, baina Artolak dio beraiek ere izango dituztela aukerak eta "zaleen bultzadak azkarxeago joaten" lagunduko diela, gainera.

Zumaia aipatuta, asteburuko bi estropadak irabaztea izango du helburu Kaikurekiko aldeak murrizteko, une honetan bost puntu ateratzen baitizkio Bizkaiko ontziak. Telmo Deunen KAE1eko ontziak bestalde, erdiko txanda irabaztea izango du helburu, beste behin, eta lan horretan etxeko beste trainerua izango du aurkari, hain justu ere. Artolaren hitzetan, "dena ematera" aterako dira "bigarren txanda irabazteak dakarren gustuko itxaronaldia aurten hirugarrenez bizitzeko". Gainera, bigarren txanda irabazita Camargoren aurretik amaituko lukete estropada, lorpen garrantzitsua ligako sailkapenari begira, bi puntura baitituzte une honetan.

Euskotren ligaren amaiera

Bihar arratsaldean abiatuko duten Zarauzko Ikurrinak amaiera jarriko dio aurtengo Euskotren ligari. Hortaz, erabakigarria izango da txapelduna erabakiko duelako.

Zentzu horretan, Oriok liga irabazteko aukerak oraindik badituen arren, ia ezinezkotzat jotzen du Patxi Frances entrenatzaileak: "Ez dut esango liga galdutzat ematen dugunik, baina oso zaila daukagu. Zorigaiztoko ezbeharren bat izan beharko luke Arraun Lagunakek liga ez irabazteko eta ez diegu halakorik opa".

Nolanahi ere, bandera kopuruan garaile izan nahi dute oriotarrek. Horregatik, Zarauzko Ikurrina irabazi eta "berdinketa hautsi" nahi dutela dio Francesek; izan ere, une honetan launa dituzte Arraun Lagunakek eta Oriok eta hiru Donostiarrak. Orioko prestatzaileak dio, gainera, "Kontxako banderaren ondoren garrantzitsuena" dela Zarauzkoa.

Eusko Label ligan ere erdiko txandan

Eusko Label ligari erreparatuta, bestalde, bertan aritzen diren eskualdeko bi ontziak, Orio eta Getaria alegia erdiko txandan arituko dira. Biak ala biak txanda irabaztea izango dute helburu ahalik eta emaitza onena lortu eta igandean ohorezko txanda jokatzeko aukerak izateko. Sailkapena eta azken emaitzak aintzat hartuz gero, hori bai, Oriok ditu erdiko txanda irabazteko aukera gehiago.

Estropada eremutik kanpo ere izango da lehia Orio eta Getariaren artean; izan ere, bi herrien artean dago Zarautz eta gertutasun horrek herri bakoitzeko zale ugari eramango ditu Zarautzera. Horregatik, ikusteko dago zein kolore nagusitzen den lehorrean: horia ala marroia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide