Zarauzko eta Zumaiako KAE1 ligako ontziek estropada izango dute gaur arratsaldean. Kantabriako uretan arituko dira, Castron, hain zuzen ere, 18:00etatik aurrera erdiko txandan biak. Hori horrela, aurrez arraun egindako ontziek markatutako denbora hobetzea eta, aldi berean, beren txandako azkarrenak izatea izango dute helburu ohorezko txandakoei lanak zailtzeko eta ahalik eta postu onena lortzeko.
Denboraldiko azken txanpan sartuta dago KAE1 liga eta gaurkoaren ondotik asteburuko azken biak baino ez zaizkie geratuko liga amaitzeko. Bada, Zarautz Arraun Elkarteak azken hiru aukera horiek baliatu nahi ditu Camargori berriro ere sailkapenean aurre hartzeko; izan ere, zazpigarrenak dira orain kantabriarrengandik puntu bakarrera. Telmo Deun, aldiz, bosgarren postuan dago kokatuta eta ez dirudi hortik mugituko denik. 23 puntura du laugarrena eta seiko aldea ateratzen dio Camargori.
Emakumezkoek ere egingo dute arraun gaur arratsaldean, baina estropada ez da puntuagarria izango ETE ligarako. Donostiako Aste Nagusiko V. Bandera lehiatuko dute Urumea Ibaian 16:00etatik aurrera.