Orioko eta Zarauzko traineruak izan dira eskualdean estropada onenak egin dituztenak asteburu honetan.
Batetik, atzo, larunbata, Zarautz Gesalaga Okelan gertu-gertu ibili zen garaipenaren borrokan ETE ligako Pasaiako (Gipuzkoa) estropadan, Kaikuri hortzak erakutsiz. Lau segundo besterik ez zizkion kendu Kaikuk Zarautzi, eta bigarren helmugaratu zen, Zumaiari aurrea hartuta. Irabaztera atera ziren zumaiarrak, baina ez zuten asmatu atzokoan.
Euskotren ligara igotzeko play-offak ezingo ditu jokatu Zarautzek, dagoeneko puntu alde handiegia dutelako Kaikuk eta Zumaiak sailkapenaren goialdean, baina Kontxarako sailkapenerako indartsu dagoela erakusten ari da taldea, eta Kontxan ariko diren zortzi taldeen artean sartzeko aukerak ditu, Zumaiarekin batera.
Orio Orialkiko emakumezkoek ere estropada bikaina egin zuten atzo Moañan (Galizia), eta bandera eskuratu zuten, aurtengo denboraldiko laugarrena. Lider den Arraun Lagunak traineruari bi puntu janda, bost puntura jarri zen. Garaipen garrantzitsua izan zen, baina gaurkoan ez dute asmatu Boiron (Galizia) izan den estropadan, eta puntu inportanteek ihes egin diete. Hirugarren izan dira, Donostiarraren eta Arraun Lagunaken ondoren, eta liga amaitzeko bi estropadaren faltan, lehen postutik sei puntura gelditu dira.
Gaurkoan ondo ibili direnak Orioko gizonezkoak izan dira. Bigarren txandan lehiatu dira, eta estropadaren zati batean lider ibili ondoren, gero Cabok aurre hartu dio Oriori, eta borrokan aritu dira biak estropadaren azken zatian. Cabok irabazi du txanda sekulako denbora eginda, eta Orio bost segundora helmugaratu da. Denbora horiek ohorezko txandako bakarrak hobetu ditu: Zierbenak. Horrek irabazi ditu asteburuko gizonezkoen bi banderak Galiziako uretan (Orio Orialki bosgarren izan zen atzo Moañan).
Getariak, berriz, ez du bere astebururik onena eduki. Atzo zortzigarren postuan helmugaratu zen taldea, eta gaur, berriz, hamargarren. Dena den, sailkapen nagusian zazpigarren dago kokatuta, eta beraz, denboraldiko aurreneko helburua lortua du: Eusko Label ligan mantentzea.