Orioko emakumeek bigarren egin dute gaur Lekeition

Maria Maya Manterola 2023ko abu. 6a, 18:31

Orioko trainerua Hondarribian (Aitor Arrizabalaga - Euskotren liga).

Euskotren ligako estropadan Arraun Lagunak nagusitu da, eta bigarren egin du Oriok. KAE 2 ligan bai, oriotarrak izan dira nagusi.

Gaur eguerdian Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldia jokatu dute Lekeition, eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen eta gizonen taldeak bigarren eta zazpigarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren.

Emakumezkoen lehian gaurko estropadan Arraun Lagunak izan da nagusi 11:45,90 denbora eginda, eta bigarren sailkatu da Orio Orialki hamar segundora. Sailkapen nagusiari begira Arraun Lagunak da liderra 66 punturekin eta bigarren postuan kokatuta daude oriotarrak 60 punturekin.

Gizonezkoen jardunaldian, gaurkoan nagusitasunez irabazi du Bermeo Urdaibaik, estropada 21:02,49 denboran bukatuta. Orio Orialki gizonen talde nagusiak ohorezko txandan egin du arraunean, baina ez du lortu Urdaibairen erritmoa jarraitzerik eta, azkenean, 21:54,25 denbora eginda zazpigarren sailkatu da. Bigarren izan den Donostiarra bera ere Urdaibairengandik hamasei segundora iritsi da helmugara, beraz arraun erakustaldia eman dute gaurkoan bizkaitarrek. Getariako Esperantza-k, berriz, bosgarren egin du Lekeitioko estropadan. Bigarren txandan aritu dira eta bigarren egin dute Donostiarraren atzetik.

Saikapen nagusiari erreparatuz gero, bosgarren postuan kokatuta dago Orio Orialki 77 punturekin. Getariak seigarren jarraitzen du, bederatzi puntu gutxiagorekin.

KAE 2 ligan, garaile

Gaur arratsaldean jokatu da KAE2 ligako asteburuko jardunaldia Hondarribian, eta Orioko gizonezkoen bigarren taldeak (20:344,52) garaipena lortu du, asteburuko bigarrena, hain zuzen ere. Denboraldia hasi zenetik estropada ia guztia irabazi ditu taldeak eta gaurkoan ere ligako liderrak dela berretsi du, bigarren sailkatu den Donostiarrari 12 segundoko errenta aterata.

Hondarribian jokatu da KAE 1 ligako jardunaldia ere. Bigarren txandan aritu dira Zumaiako eta Zarauzko traineruak. Zumaiak ez du gaurkoan egunik onena izan: bigarren luzerako jada segundo batzuk galdu ditu Zumaiako ontziak, eta kosta egin zaio gero gainerakoak mendean hartzea. 

Zortzigarren postuan sailkatu da Zumaia. Dena den, gaurko emaitzak ez du sailkapen orokorrean duen bosgarren postuan eraginik izan, baina gertutik jarraitzen dio Zarautzek, bi puntura. Izan ere, Zarauzko traineruak estropada ederra jokatu du. Bere txandan lanak amaitzen bizkorrena izan da estropadaren hasieran gainerakoei ateratako tarteari eutsita, eta laugarren egin du gaurko estropadan. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide