Ondarroako bandera irabazi du Orioko gizonezkoen bigarren taldeak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Maria Maya Manterola 2023ko abu. 5a, 20:22

Orio Orialki gizonen bigarren taldeak bandera irabazi du Ondarroan. (Orio Arraunketa Elkartea)

Gaurko garaipenarekin KAE2 ligako lidertza berretsi dute oriotarrek, handitu egin baita Oriok bigarren sailkatuta dagoen Portugaleteri puntutan ateratzen dion aldea: 47 puntu dituzte oriotarrek eta 36 bizkaitarrek.

Gaur goizean ETE eta KAE 2 ligetako estropadak jokatu dira Ondarroan, eta arratsaldean Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak Hondarribian. Eskualdeko arraun taldeak bertan izan dira, baina Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren taldeak (21:06,37) lortu du bandera irabaztea bigarren sailkatu den Donostiarrari (21:09,80) hiru segundoko errenta aterata. Hala, gaurko puntuekin lidertza berretsi dute oriotarrek, handitu egin baita Oriok bigarren sailkatuta dagoen Portugaleteri puntutan ateratzen dion aldea: 47 puntu dituzte oriotarrek eta 36 bizkaitarrek.

ETE ligan ez da sorpresarik izan: liderra den Kaikuk eskuratu du garaipena gaurkoan ere lanak 11 minutu eta 4 segundoan amaituta. Dena den, nabarmentzekoa da zumaiarren lana. Gertutik jarraitu dio Kaikuri Zumaiako ontziak, eta bigarren sailkatu da, zortzi segundo beranduago helmugaratuta. Sailkapen nagusian ere Kaikuren atzetik da Zumaia. Liderrak 67 puntu ditu, eta hiru gutxiagorekin da Zumaiako trainerua. 

Zarautzek, berriz, ez du egunik onena izan. Joan den astean Astilleron eskuratutako garaipenaren ondotik, bosgarren egin dute Ondarroan. Hala ere, aipatzekoa da bost segundoko tartean helmugaratu direla hirugarren, laugarren eta bosgarren egin duten ontziak, Astillero, Deusto eta Zarautz, alegia. Hirugarren jarraitzen du Zarautzek sailkapen nagusian, baina laugarren dagoen Deustorekin duen tartea gutxitu du gaurko emaitzak. Puntu bakar batera jarraitzen diote bilbotarrek.

Euskotren eta Eusko Label liga

Gaur arratsaldean Hondarribian jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen eta gizonen taldeak hirugarren eta laugarren postuan sailkatu dira gaurko jardunaldian, hurrenez hurren.

Orio Orialki emakumeen taldea Arraun Lagunaken eta Donostiarrren atzetik sailkatu da. Hasieratik, Donostiako bi taldeak estropadaren buruan jarri dira, eta oriotarrek lortu dute gertu eustea, baina bueltako luzean ihes egin dute eta, azkenean, Arraun Lagunak (10:48,62) taldearengandik zortzi segundora helmugaratu dira oriotarrak (10:56,00) hirugarren postuan.

Emakumezkoen estropadatik gizonezkoenera haizeak, olatuek eta korronteak gora egin dute, eta txandak pasa ahala baldintzak okertu egin dira, gainera. Hala ere, Orio Orialkik (20:03,91) ezustekoa eman du bere txanda nagusitasun osoz irabaziz, eta liderra den Urdaibairengandik segundo gutxira geratu da taldea. 23 segundo atera dizkio Oriok bere txandan bigarren izan den Getariari (20:26,48), eta ohorezko txandako taldeen denboretan ibili da. Hain zuzen ere, estropadan zehar Urdaibaiko patroi Gorka Aranbarrik Orioren denbora izan du uneoro erreferentzitzat; azkenean oriotarrak laugarren sailkatu badira ere, aurreko estropadetatik aurrera pausu nabarmena eman dutela azpimarratu dute adituek. Ander Etxegoien oriotarren patroiak estropada bukatutakoan ETBri azaldu dionez, "estropada ona" egin dute. "Hasieratik arraunketa hartu dugu, eta gure lana egitea lortu dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide