Sailkapenak bero-bero daudela jokatuko dituzte asteburuko estropadak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 4a, 13:00

Zarauzko trainerua, entrenamendu batean.

Ligak amaitzeko sei jardunaldi gelditzen zaizkie Eusko Label ez beste liga guztietako traineruei, eta puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan denek asteburu honetan.

Traineru ligak hasi dira amaiera aldera gerturatzen, bai behintzat Euskotren, ETE eta KAE1 ligak. Sei jardunaldi falta dituzte amaitzeko Euskotreneko eta ETEko neskek, eta beste horrenbeste KAE1eko mutilek. Abuztu amaieran amaituko dute denboraldia denek. Hala, puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan denek asteburu honetan.

Euskotren eta Eusko Label ligetako biharko estropadak Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko dituzte, 17:25ean emakumeek, eta 18:15ean gizonek. ETE liga, berriz, Ondarruan (Bizkaia) jokatuko da bihar –asteburuko bakarra–, 12:00etan.

Igandean, Lekeition (Bizkaia) izango dute hitzordua liga nagusiek, 11:25ean hasita Euskotrenekoek, eta 12:15ean, Eusko Label ligakoek. KAE1 ligakoek ere igandean izango dute asteburuko hitzordu bakarra: Hondarribian egingo dute arraun, 16:30ean hasita.

Sailkapenak

Sailkapena bero-bero dago Euskotren ligan: Donostia Arraun Lagunak da lider 50 punturekin, baina Orio Orialki gertu-gertu dauka, bigarren, 47 punturekin. Asteburu honetako puntuak garrantzitsuak izango dira, beraz, liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan.

Eusko Label ligan ere, puntu gutxi-gutxiko aldea dute lehen hiru sailkatuek: 99 ditu Urdaibaik, 98 Hondarribiak, eta 91 Zierbenak. Donostiarra da laugarren 74 punturekin, eta Orio bosgarren, 62rekin. Getaria zazpigarren da, seigarrenarekin –Cabo– 53 puntutara berdinduta. Atzetik, Lekittarra gertu du Getariak, 51 punturekin.

KAE1 ligari dagokionez, sailkapenean elkarren ondoan dira: bosgarren da Zumaia 67 punturekin, eta seigarren Zarautz, 61 punturekin. Laugarrena oso urrun dute, 90 puntu dituelako Arkotek. Atzekoa, berriz, gertu, Camargok 60 puntu dituelako.

ETE ligan, azkenik, Zumaia eta Zarautz bikain daude kokatuta sailkapenean: 59 puntu ditu liderrak, Kaikuk, eta Zumaia da bigarren, 57 punturekin. Zarautz Gesalaga Okelan hirugarren da, 44 punturekin, baina gertu du laugarrena, Deustu, 42 puntu baititu horrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide