Piper egiteko aitzakiarik ez dute nahi

Nerea Uranga 2023ko abu. 3a, 09:00

Aitor LarraƱaga, Garazi Salas eta Izaro Lizundia Azpeitiko autobus geltoki batean. (Nerea Uranga)

Bilboko unibertsitateetara eta Leioako kanpusera joaten diren Urolako ikasle eta langileak biltzen hasi dira Piper autobus zerbitzuari heltzeko eta indartzeko.

Urteetan Zumaiatik, Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik Bilboko eta Leioako (Bizkaia) unibertsitateetara Piper autobus zerbitzu unibertsitarioa eskaini du Aldalur autobusen enpresak. Datorren ikasturtean, ordea, "zerbitzua errentagarria ez delako" bertan behera uzteko edota "garestitzeko" asmoa duela jakinarazi zien enpresak erabiltzaileei azken ikasturtearen bukaeran.

Piper autobus zerbitzurik gabe geldituko diren beldur, Urolako bailaratik Bilboko eta Leioako kanpusetara joaten diren ikasleak eta langileak elkartzen eta antolatzen hasi dira autobus zerbitzuak martxan jarraitzeko eta indartzeko asmoarekin. Piper autobus zerbitzu unibertsitarioaren erabiltzaileetako hiru dira Aitor Larrañaga (Zestoa, 1979) Leioako EHUko Biologia fakultateko irakaslea, Izaro Lizundia (Azpeitia, 1999) Biologiako ikaslea eta irailean masterra egiten hasiko dena Leioako kanpusean eta Garazi Salas (Azkoitia, 2003) Leioako EHUko Medikuntzako ikaslea.

Askotariko erabiltzaileak ditu Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia herrietan Piper autobus zerbitzuak: badira egunero joan-etorria egiten dutenak, astean bi-hirutan joan-etorria egiten dutenak, baita astelehenean joateko eta ostiralean itzultzeko erabiltzen dutenak ere. Urtetik urtera, baina, zerbitzuaren ordutegia nolakoa erabiltzaileen kopurua halakoa izan dela azaldu dute Larrañagak, Lizundiak eta Salasek: "Azkenengo urteetan autobus zerbitzua murrizten joan dira, autobusen maiztasuna gutxituz eta prezioak igoz". Horrek zerbitzuen erabiltzaileak gutxitzea ekarri du, hiruren esanetan.

Larrañagak gogoan du Piperrek autobus zerbitzu gehien izan zituenekoa: "Goizean bi autobus izaten ziren Bilbora eta Leioara joateko, eta eguerdian beste bi autobus eta arratsaldean beste bat itzultzeko. Gainera, Leioan azken geldialdia egin aurretik, Bilbon gaur egun baino toki gehiagotan gelditzen zen". Autobusen ordutegiak murriztuta erabiltzaile askok autoetan antolatzeko joera hartu dutela azaldu du Azpeitian bizi den zestoarrak. "Pixkanaka autobusak kentzen joan dira, eta eguerdian bi izan beharrean, bakarra izan da azken ikasturtean Leioatik itzultzeko, eta goizetan ere autobus bakarra izan dugu unibertsitatera joateko. Ikasleez gainera, Azkoitia-Azpeitian hamabost hogei pertsona inguru ezagutzen ditut Bilboko eta Leioako unibertsitateetan lan egiten dutenak, eta autobus zerbitzu hobea izanda erabiliko luketenak".

Autobus zerbitzua murriztuta eta prezioak igota ez diote etorkizunik ikusten Piper autobus zerbitzuari. "Azkenean, hobeto aterako zaigulako txandaka lagunekin autoz joatea Leioara. Aukera hori, ordea, oso gogorra egingo litzaidake niri, eta egunero autoz joan-etorrian ibiltzeak beldurra ere ematen dit", aitortu du Lizundiak.

Zerbitzuaren beharra

Salasek unibertsitateko lehen ikasturteak egoitza batean egin zituen, baina nahiago du eta erosoagoa egiten zaio egunero Azkoitira joan-etorrian ibiltzea. "Niri etxean egoteak izugarrizko lasaitasuna ematen dit. Etxera berandu iristen baldin banaiz ere, nahiago dut egunero unibertsitatera joan-etorrian ibiltzea. Gainera, Bilbo garestia da, pisuak garesti daude eta ez da hain erraza pisua aurkitzea", azaldu du azkoitiarrak.

Larrañaga unibertsitatean ikasten ari zen urteetan Leioan bizi izan zen, gaur egun, ordea, familia dauka, eta Azpeitira etxera etorri beharra du. "Askotarikoak izan daitezke egunero Leioara joan-etorrian ibili beharreko arrazoiak", adierazi du.

Erabiltzaileak saretzen

Urolatik Bilboko eta Leioako unibertsitateetarako autobus zerbitzuari heltzea eta indartzea beharrezkoa ikusten dute hiru erabiltzaileek, eta beren artean saretzen hasita daude. Zumaiako, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko 40 bat lagunen zerrenda osatu dute, eta autobus zerbitzua erabiltzeko interesa dutenak sarera batzeko eta haiekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa jarri dute: urolabilbogarraioa@gmail.com.

Urolatik Bilborako autobus zerbitzuaren inguruko kezka azaltzeko eta laguntza eskatzeko Azpeitiko eta Azkoitiko udaletara ere jo dute erabiltzaileek. "Erabiltzaile batek Azpeitiko Udalera idatzi zuen, eta beste bat, berriz, Azkoitiko alkatearekin bildu zen, eta bi udalak Aldalur autobus enpresarekin biltzekotan gelditu dira".

Egunero Bilbora eta Leioara ikastera zein lanera autobusez ibiltzea "erosoa eta abantaila" da, eta gaur egun, gainera, "beharrezkoa" den zerbitzua da hiruren ustez. "Larrialdi klimatikoaz eta jasangarritasunaz hitz egiten den garaiotan autobus zerbitzua bultzatu beharrekoa da", uste du Larrañagak.

Bestelako zerbitzurik ez

Autobus zerbitzu pribatua da Urolatik Bilborako Piper zerbitzu unibertsitarioa. Urolatik Bilbora, baina, zuzeneko garraio zerbitzu publikorik ez dago. Leioara autobus zerbitzu publikoan joateko Ermura (Bizkaia) joan behar izaten dute aurrena Azkoititik eta Azpeititik, eta han beste autobus bat hartu behar izaten dute: "Azpeititik Leioara joateko bi ordu behar izaten dira, eta handik Azpeitira itzultzeko bi ordu eta hogei minutu", kontatu du Lizundiak. Eta Salasek gaineratu dio denbora tarte txikia dagoela batetik bestera: "Ermura autobus bat iritsi eta bi minutura irteten du Leioara doanak, eta ordurako iristen ez bazara, ordubetez egon behar izaten da hurrengoaren zain".

Zumaiatik Bilbora trenez joateko aukera ere badute, baina hori luze egiten dela diote. "Uste dut Bilbora eta Leioara joateko dauden garraio aukera guztietan ibili garela, baina egunerokoan ibiltzeko ez dira egokiak garraio zerbitzu horiek", adierazi du Larrañagak.

Jakitun dira Urolatik Donostiara dagoen autobus zerbitzu publikoaren tamainakoa ezingo dutela eskaini Bilbora eta Leioako kanpusera, "eraginkorra ez" litzatekeelako izango. "Badakigu Donostiarako autobusean jende asko ibiltzen dela. Hala ere, uste dugu jende asko gaudela Urolatik Bilborako garraioa erabiliko genukeenak, eta autobus zerbitzu hori eraginkorra izateko laguntza eskatu diegu udalei eta jendea zerbitzu hori erabiltzera animatu nahi dugu. Gero eta erabiltzaile gehiago elkartu orduan eta autobus zerbitzu hobea izateko aukera izango dugula espero dugulako", nabarmendu du Salasek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide