Gaur arratsaldean estropadak izan dituzten Urola Kostako TKE eta KAE1 ligetako traineruek erdiko postuak lortu dituzte. Guztiak ere, erdiko txandetan aritu dira eta ezin izan dituzte ohorezko txandako traineruen emaitzak hobetu. Gainera, Getariari lehenengo txandan aritu den Ondarroak aurre hartu dio.
TKEko traineruak Sestaon (Bizkaia) aritu dira eta Orio izan da emaitza onena lortu duen eskualdeko ontzia. Seigarren amaitu du erdiko txanda irabazi duen Cabo galiziarraren atzetik. Getaria, berriz, zortzigarrena izan da, gutxigatik bada ere. Bideo finish-a kontsultatu behar izan dute epaileek, bederatzigarren izan den Lekittarrarekin parekatuta helmugaratu baita. Esperantzaren aldekoa izan den hamar ehuneneko aldea besterik ez da egon bi ontzien artean. Bandera, berriz, Urdaibaik irabazi du. Ikusi hemen gaurko estropadako emaitza guztiak.
Hori horrela, bihar ere erdiko txandan egingo dute arraun Oriok eta Getariak Castron (Kantabria Espainia) jokatuko duten estropadan. Sailkapenari erreparatuta, bestalde, ez da eskualdeko traineruei eragiten dien aldaketa aipagarririk izan. Ondorioz, bosgarren jarraitzen du Getariak eta seigarren Oriok. Ikusi hemen TKEko sailkapena osorik.
KAE1 ligan ere zaharrak berri. Zumaiak bosgarren postua lortu du, beste behin, Plentzian (Bizkaia) jokatutako estropadan, eta Zarautzek seigarrena joan den asteburuan bezalaxe. Sailkapenean ere aldaketarik ez. Zumaiak bosgarren jarraitzen du, beraz, eta Zarautzek zazpigarren. Hori bai, seigarrena den Camargorengandik puntu bakarrera orain. Ikusi gaurko estropadaren emaitzak eta sailkapen nagusia hemen.