Estropadaz beteta dator asteburu hau ere

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 22a, 07:50

Getariarrak entrenatzen.

Bizkaia eta Kantabria aldean jokatuko dituzte Eusko Label, ETE eta KAE1 ligetako norgehiagokak. Deskantsua dute, berriz, Euskotrenekoek.

Beste asteburu batez, ez da estropadarik faltako bazterretan. Hori bai, Euskotrenekoek atsedena dute asteburu honetan, eta beraz, Orioko emakumezkorik ez da lehian ikusiko gaur eta bihar. Eusko Label ligari dagokionez, berriz, bi jardunaldi dituzte, gaur Sestaon (Bizkaia) eta bihar Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia).

Larunbateko estropada, ohi bezala, arratsaldez izango da, zehazki, 18:15ean. Bihar, berriz, 12:15ean hasiko da lehia. Bietan ibiliko dira borrokan Getaria eta Orio Orialki.

Gaur-gaurkoz, lau puntuko aldea dago sailkapen nagusian Getariaren eta Orioren artean. Bosgarren dira getariarrak 35 punturekin, eta seigarren oriotarrak, 31 punturekin. Gertu dituzte hurrengo biak, ordea, 29 punturekin baitaude Cabo eta Lekittarra zazpigarren eta zortzigarren postuetan.

Bizkaian eta Kantabrian ETE eta KAE1 ligak ere

Bizkaialdean eta Kantabrian (Espainia) lehiatuko dira asteburu honetan ETE eta KAE1 ligetako traineruak ere, eta hantxe izango dira Telmo Deuneko eta Zarautz Gesalaga Okelaneko neska-mutilak ere.

Emakumezkoek jokatuko dute aurrena, gaur 11:00etan dutelako hitzordua Sestaon (Bizkaia). Gizonezkoek, berriz, arratsaldean izango dute hitzordua handik ez oso urrun, 18:30ean Plentzian (Bizkaia).

Bihar, igandea, emakumezkoen trainerua soilik uretaratuko da eta Kantabrian (Espainia) egingo du. Astilleron, zehazki. 10:00etan hasiko da igandeko estropada.

Zumaiarrak, sailkapenaren goialdean

Emakumezkoek bikain hasi dute traineru denboraldia, eta bigarren dira sailkapen nagusian, 44 punturekin. Kaiku da lider 46 punturekin, eta hirugarrena, Deusto, oso urrun gelditu da, 33 punturekin.

Oraingoz, Kaikuren eta Zumaiaren artean dago ligako txapela.

Gizonezkoak ere sailkapenaren goialdean daude, bosgarren, seigarrenari 8 puntuko aldea aterata. 56 puntu ditu Zumaiak, baina laugarren postua ere urrun dauka, San Juanek 69 ditu eta.

Zarauztarrak, berriz, sailkapenaren erdialdean dira uneotan: gizonezkoak zazpigarren dira, 46 punturekin, eta seigarrenarengandik soilik bi puntura (48 ditu Camargok).

Emakumezkoak ere sailkapenaren erdi-erdian dira, laugarren, 28 punturekin, baina koska bat gorago dute hirugarrena, Deusto, 33 punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide