Seigarren eta zazpigarren izan dira Getaria eta Orio gaur Zierbenako estropadan

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 9a, 14:19

Artxiboko irudian, getariarrak uretan.

Getariarrak laugarren dira une honetan Eusko Label ligako sailkapen orokorrean, eta zapzigarren oriotarrak. Bere txanda irabaztea lortu du gaur Orio Orialkik.

Estropada ikusgarria egin dute gaur eguerdian Eusko Label ligako traineruek Zierbenako (Bizkaia) uretan. Urdaibaik erakustaldia eman du, eta aise irabazi du estropada, Hondarribiari hemezortzi segundoko aldea aterata. Cabo izan da hirugarren.

Oriotarrek aurreneko txandan egin dute arraun, atzo Donostian hamargarren sailkatu ondoren. Arantzatxoa ateratzeko balio izan die, baina Ioritz Etxeberria arraunlariak estropada amaitzean argi esan du taldeak "gora" egingo duela hemendik aurrera, eta "horrelako taldearekin ezin" dutela atzokoa bezalako emaitzarik onartu. "Ez genuen espero atzoko emaitza. Asko sufritu genuen, eta gaur gogorrena atzokoari psikologikoki buelta ematea izan da; gaur ere asko sufritu dugu", esan du. Zazpigarren izan dira gaur oriotarrak, eta sailkapen orokorrean ere postu horretantxe dira orain, 18 punturekin.

Getaria fin ibili da, eta ehuneneko batzuengatik ez dio aurre hartu liderrari, Zierbenari. Azken hori bosgarren sailkatu da, eta seigarren postua eskuratu du Getariak (atzo zazpigarren postua lortu zuen Esperantzak Donostian). Sailkapen nagusian, berriz, goialdean da Getaria, laugarren, 23 punturekin. 31 puntu ditu Zierbenak.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide